Onintza Enbeita

Alerta gorria

2025eko abuztuaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udako beroak gogor eraso egiten digunean alerta gorria pizten da. Albistegietatik abisua ematen digute: ura edan, itzaletatik ibili, ez etxetik atera bero gehien egiten duen orduetan... Hala ere, jendeak bero kolpeak izaten ditu, eta, muturreko kasuetan, hil ere egiten dira halako beroarekin eguzkitan lan egitea tokatzen zaienak. Gauza bat baita teoria eta beste bat sistema kapitalistan bizirik iraun ahal izatea.

Beroa ez da udako arrisku bakarra, ordea. Alerta ofizialik pizten ez den arren, tituluek zer pentsatua ematen dute: gizon bat atxilotu dute Gasteizen, gizon bat atxilotu dute Algortan, Donostian atxilotutako gizon bat espetxeratu egin dute... Denak dira gizonak eta denak atxilotu dituzte sexu erasoren bat edo gehiago egin dutelako. Erasoen intentsitateaz eztabaidatu dezakegu geure burua lasaitzeko, baina erasoak eraso dira azken batean. Denak ez dira berdinak eta denek ez gaituzte berdin asaldatzen, baina alerta pizteko guztiek balio dute. Edo balio behar lukete behintzat.

Uda guztietako kontua da, jai guztietako kezka da. Pankartak jartzen ditugu babosoei alde egiteko eskatuz, egoten ez dakitenak ez etortzera gonbidatuz... baina erasoak gertatu egiten dira. Albistegietan ez dute pautarik ematen, ordea. Zenbait lekutan, etxera bakarrik ez joateko brigadak antolatzen dira emakumeentzat, eta teoriak esaten du neurri ona dela. Praktikak esaten digu, ostera, matxismoak edo faxismoak zaurgarri bihurtu gaituenoi bakarrik barik, besteei ere egin behar zaiela pedagogia. Fokua biktimengandik edo biktimagaiengandik apartatu egin beharko genuke. Neskei etxera bakarrik ez joaten laguntzea oso ondo dago, baina gure kuadrillako, familiako, inguruko, auzoko zenbait gizon kontrolatzea ere ez legoke gaizki. Batzuetan nahikoa da «zertan ari zara?» esatea; neskei kontuz ibiltzeko esaten zaigun moduan. Komunikabideek ere, publikoek zer esanik ez, ahalegina egin beharko lukete ondo ez dauden jarrerak zeintzuk diren azaltzeko: diskurtso guztiei lekua egin beharrik ez dago. Jaietako balorazioak egiten ditugunean ere, ez daukagu zertan beti esan jaiak ondo amaitu direnik. Erasoak egon badira, txikienak izanda ere, argi dago gauzak ez direla behar bezain ondo atera. Alertak ez du emakumeentzat edo transentzat edo migratzaileentzat bakarrik piztu behar. Arazoa guztiona da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.