Diskurtso publikoan ez existitzea, ikusezina izatea: horra hor egiturazko bortizkeria eta bazterkeriaren osagai funtsezkoetako bat. Horren jakitun izan zen Adela Cortina filosofian katedradun valentziarra aporofobia terminoa sortzeko premia ikusi zuenean. Pobrearen, babesgabearen, baliabide ekonomikorik ez duenaren aurrean agertzen den gorrotoa, nazka edo etsaitasuna izendatzeko asmoz sortu zuen.
90eko hamarkadan Espainiako Estatura Afrikatik eta Ekialdeko Europatik arrazoi ekonomikoengatik jendea migratzen hasi zelarik zabaldu zen arrazakeria-uholdeari erreparatzean izan zuen Cortinak gogoeta. Atzerritarrak deseroso bihurtzen hasi ziren ez turistak iritsi zirenean, migratzaile ekonomikoak iristen hasi zirenean baizik —zer esanik ez errefuxiatuak direnean—.
Egia da pertsona pobrea atzerritarra ere badenean errazagoa dela hura mehatxu gisa aurkeztea, baina gizartearen ezinikusia pobre guztiek jasaten dute. Horren erakusgarri, duela aste gutxi Espainiako herri txiki bateko familia baten aurka argitara atera diren eraso aporofobiko errepikakor eta basatiak. Azkenengo erasoan familia bizia galtzeko zorian egon zen, erasotzaileek etxeari su eman ziotenean. Nor ziren biktimak? Pertsona zuriak, ez arrazializatuak, herrian jaioak. Eta erasotzaileak? Herriko bi gazte espainiar, biktimekin harremanik ez zutenak. Gorrotoa eta zigorgabetasun sentsazio kezkagarri bat besterik ez zuten.
Barne Ministerioaren datuen arabera, Espainiako Estatuan pobreen aurkako gorroto-delituak %33 baino gehiago ugaritu ziren 2024an. Baina, adituen arabera, delitu gehienak ez dira sekula jakitera ematen, biktimek erasoak nekez salatzen baitituzte normaltzat hartzen dituztelako, besteak beste.
Behingo kontua izatetik urrun, eraso aporofobikoen igoera hori sintomatikoa iruditzen zait. Zeren sintoma? Kolektibo kalteberen aurkako indarkeriaren legitimazioarena. Xenofobiaren propagandistek oso gustuko dute beren indarkeria basatia bidezkotzat jotzea, biktimek merezi izango balute bezala. Baina aporofobiaren kasuak agerian uzten du ahularen aurkako indarkeriak gorrotoa beste oinarririk ez duela. Faxismoa ez da uniformeekin eta banderekin sartzen, herra, mespretxua eta bazterkeria legitimatzen eta normalizatzen duten diskurtsoekin baizik.