Bikinia probatzen dudan aldiro gertatzen zait. Orain lehen baino intentsitate txikiagoan, baina gertatu orain ere. Ezin dut neure gorputza jasan. Maukarik gabeko soinekoak erosten ditut udarako, baina gero haien gainetik eramateko zerbait behar izaten dut. Ukalondoraino estali egingo nauen zerbait. Ez zait niri bakarrik gertatzen. Nire lagun lodi gehienek dituzte armairuan «gainetik» eramateko gauzak. Besteek baino arropa gutxiago kentzen dugu udan. Konfiantzarik ez dudan jendearekin igerilekura edo hondartzara joatea kosta egiten zait orain ere. Bikiniaren goiko partea kentzeaz ametsik ere ez dut egiten badaezpada: ez da niri onartzen zaidan gauza bat. Belaunak erakusteari beldurra galdu diot, egia da. Beste guztia, ordea, kostata erakusten dut; erakusten baldin badut.
Umetatik esan digute gurea ez dela erakusteko moduko gorputza. Osasuna zaindu egin behar dugula esaten digute algoritmoak nahita bidaltzen dizkigun mezuek, baina nik osasun ona daukat. Ez dio inporta: proteina gehiago jan beharko nituzke, edo mendira joan, edo gimnasioan orduak egin, edo egunean otordu batzuk ez egin. Edozer. Edozer egin beharko nuke, baina ezarritako neurrietan sartzea da kontua. Eta nik ere askotan nahi izan dut sartu. Orain ere bai. Udan askotan gertatzen zait. Nire lagun argalek inbidia ematen didate. Argalegi daudenek ere bai. Inork ez dielako esango aurpegiz politak direla baina badagoela huts egiten duen zerbait, inork ez dielako parrandan ari direnean lagunak aurkezteko eskatuko, inork ez duelako jaten dutena zalantzan jarriko, inork ez dielako osasunaren izenean aholkurik emango...
Gu, lodiok, ohituta gaude horretara. Eta gure gorputza ez maitatzera ere bai. Horrela eraikiarazi digute gorputzarekiko harremana: kulpaz beteta. Hitz politak esatera datozenek ere ez dute asmatzen. Haurdunaldian galdutako pisua berreskuratzen hasi naiz, eta ez nago lasai. Ez naute lasai uzten, hobeto esan. Jende askok dauka esateko zerbait, baina, gero, ondo ez nagoenean, etorriko zaizkit esaten beste inor maitatzeko norbere burua maitatu behar dela lehenengo. Kaka zaharra. Guk geure burua maitatzea nahiko bazenute ez zenigukete halako autogorrotoa iltzatuko. Eta hala ere zuek nahi baino gehiago maite dugu geure burua. Hori bai, merezi baino gutxiago beti.