Diego Palles Lapuente

Burokraziak zauritzen duenean

2025eko abuztuaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ama hil aurretik, Abdelek azken bisita egin nahi izan zion, baina funtzionarioak ezetz esan zuen. Ezinezkoa omen zen. Abdel eta bere ama Europako Batasuneko herrialde desberdinetan bizi ziren, baina ez zuten mugak zeharkatzeko eskubiderik. Ez ziren europar hiritarrak, ezta turistak edo migratzaileak ere. Errefuxiatuak ziren. Itsumustuan gerratik ihesean, patuak edo, hobeto esan, legeek harrera leku desberdinetan bereizi zituzten. Burokraziaren gurpil herdoildua bi urte luzez motel biratu ondoren, azkenean heriotzak beharrezko baimenei eta agiriei aurrea hartu zien, eta Abdel eta ama ezin izan ziren azkenekoz elkartu.

Gurpila bizkorrago bira zitekeen, baina horrek errukia eskatzen zuen. Gaur egun, berriz, ahaleginak balazta sendoa jartzera bideratuta daude. Europako hainbat herrialdetako gobernuek migrazioaren aurrean zorrotzak —doilorrak— direla erakutsi nahi dute. Hala, Alemaniak, Austriak, Portugalek, Finlandiak eta Belgikak neurriak hartu berri dituzte errefuxiatuen eta babespeko migrazio egoeran dauden pertsonen familia bateratzeak murrizteko edo bertan behera uzteko. Aitzakia hau izan da: zerbitzu sozialak «gainkargatuta» omen daude.

Neurri horiek errefuxiatu gehienek dauzkaten trauma psikologikoak areagotzeaz gain, talka ere egiten dute Giza Eskubideen Europako Hitzarmena eta EBko Oinarrizko Eskubideen Gutuna bezalako itunek jasotzen duten familiarako eskubidearekin. Hori, ordea, ezer gutxi axola zaie kaltetuak atzerritarrak direnean.

Azken egunotan Herta Müllerren Funtzionarioak esan zuen poesia liburua izan dut esku artean (Maddalen Subijanak euskaratua). Müller Errumanian jaio zen, diktadura estalinistaren pean, eta 80ko hamarkadan Alemaniara errefuxiatu gisa ihes egitea lortu zuen. Liburu gomendagarri horretan, garraztasuna eta xalotasuna uztartuz bere bidaiaren irudi batzuk margotu dizkigu, prozesuaren umiliazioak, itoaldiak eta atsekabeak tarteko. Aparatu burokratikoak errefuxiatuari eragiten dion degradazioaren istorioa.

Herta Müllerri 2009an Literaturako Nobel Saria eman zioten, prosan zein poesian «desjabetuaren paisaia» irudikatzeko lana aitortu nahian. Müllerrek gerora Euskal Herrian eskainitako hitzaldi batean adierazi zuen nahiago izango zukeela beste edozertan jardun eta inolako traumaz hitz bakar bat ere idatzi behar izan ez balu.

Europako botereak Herta eroso saritzen du Abdel zigortzen duen bitartean. Gizakia etorkizunean poema berriak entzutera kondenatuta dagoela dirudi. Eta gu, aldiz, bidezkoa eta humanoa den kausa baten alde borrokatzeari ez uztera kondenatuta gaude: gure senideekin bizitzeko eta gizatasun osoz tratatuak izateko eskubidearen alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.