Emakume heterosexual batek esan zidan lehengo egunean zaila egiten zitzaiola gizonekin konektatzea, bai lagunarteko planoan baita plano afektibo-erromantikoan ere. Haren iritziz, egungo genero rolen esparruan emakumeek feminismoari esker egin dituzten aurrerapausoak nabarmenak dira, baina horiek maiz ez dira parekatzen gizonezkoekin. Bikotekidea bilatzean, emakumeek dekonstrukzioa deritzon hori bilatzen dute gizonengan, eta ez dute hain erraz aurkitzen.
Gizarte kezka hori artean eta kulturan oihartzuna izaten ari da. Uxue Alberdiren Hetero ipuin liburuan, idazleak gizon-emakumeen arteko harremanak xehatzen ditu. Alberdiren unibertsoa —emakumezko pertsonaien aita, anaia, seme, lankide, nagusi, editore eta lagunez betea— genero dinamikek zeharkatzen dute. Nola pertzibitzen gaituzten gizon heterosexualek eta nola pertzibitzen ditugun guk, horiek dira Alberdik planteatzen dituen galderak. Liburuaren azalean, begi batek zirrikitu batetik behatzen gaitu, agian juzgatuz.
Musikan, zentroan gizonezkoen begirada jarri duen artistak Sabrina Carpenter du izena (famatua Espresso kantarengatik). Ironiaz baliatuz, pop abeslari estatubatuarrak gizon heterosexualek emakumeekin duten jarrera paternalista eta infantilizatzailea jorratzen du bere abestietan.
Carpenterren azken diskoak harrera polarizatua izan du estetika probokatzailearengatik: azalean abeslaria lau hanketan agertzen da, gizon batek iletik heltzen diola, txakur bati bezala. Izenburua Man’s Best Friend (Gizonaren lagunik onena) da. Jende askok modu literalean hartu du, estereotipo misoginoak errepikatzen dituelakoan. Baina zaila da serioski hartzea, Manchild-en, hau da, bere azken kantaren bideoklipean txerrikume batzuei «hey, men!» («epa, gizonak!») esaten diela kontuan hartuz.
Bi proiektu artistiko horien atzean Uxue Alberdik bota zuen hausnarketa dago: berak beti pentsatu zuela denok dakigula berdinak garela ahalmen intelektualean eta eskubideetan, baina denborarekin konturatu dela gizon askok ezetz.
Lan handia dago, beraz, feminismoan oraindik. Eta interesgarria da artista emakumeen ikuspuntua jasotzea. Baina neure buruari galdetzen diot ea gizon heterosexualei interesatzen al zaien emakumeak irakurri eta entzutea; ez al duten nahiago, orain arte egin duten bezala, emakumeak goitik behera behatu, zirrikitu patriarkal batetatik, Alberdiren liburuaren azalean bezala.