Iraila ate joka dugu, eta, ikasturte berriarekin, frantsesek rentrée littéraire deritzoten garaia dator. Alegia, argitaletxeek berritasun editorialak aurkezten dituzten momentua: uda lasai baten ondoren, liburu dendak beteko dira irakurleen bihotzak lapurtuko dituzten nobela, saiakera eta poema bilduma berri horiekin.
Erakusleihoetan ongi fijatzen bazarete, konturatuko zarete azal batzuek halako azpititulu arraro bat dutela. Txiki-txikia, izenburuaren eta autorearen izenaren azpian. Askotan ez da erraza lehen begi kolpean ikustea. Obrari buruzko datu garrantzitsua da, baina azalean agertzea behar bezain ohikoa ez dena: itzulpena.
Atzerriko literatura irakurtzen dugunean, maiz ez dugu aintzat hartzen badagoela pertsona bat (edo, batzuetan, bat baino gehiago), hilabeteetan lan egiten egon dena testu bat interpretatzen eta kontestualizatzen, gure hizkuntzara moldatzeko.
Adimen artifizialaren munduan, norbaitek pentsa lezake egun lan hori ez dela hain garrantzitsua, makina batek egin baitezake. Baina literatura ez da zientzia zehatz bat. Idazleak transmititu nahi zituen sentimendu eta sentsazioak, eta baita hitzen soinua, musika eta anbiguotasuna ere kontuan hartu behar diren elementuak dira, eta horiek soilik gizaki batek harrapa ditzake, ez robot batek.
Horregatik, itzultzaileen elkarteek lan horren garrantzia azpimarratu nahi dute. Nazioartean, #TranslatorsOnTheCover izeneko mugimendua sortu da, hau da, #ItzultzaileakAzalean. Ekimen horrek erreibindikatu nahi duena da itzultzaileak ere liburuaren autoreak direla nolabait, eta horregatik azalean egotea merezi dutela. Izan ere, liburua berregin dute, goitik behera. Haien lana ez da soilik hitzak automatikoki itzultzea, Google-k egiten duen bezala, baizik eta herri baten kultura eta izaera ulertzea, gero bigarren herriarenera egokitzeko. Ez da, beraz, hizkuntza aldaketa huts bat: atzerriko kulturen berezitasunak ulergarriak bihurtzen dituzte gure ezagumenerako.
Itzultzailerik gabe, ez genituzke Agatha Christie-ren ohitura ingelesak ulertuko (maiz, erailketak baino korapilatsuagoak), ezta Haruki Murakamiren sentsibilitate japoniarra ere. Hemendik aurrera, proposatzen dizuet atzerriko liburuen itzultzailea bilatzea. Interneten haren biografia irakurtzea. Eta, nobela irakurtzen duzuen bitartean, itzultzailearen lana gertu sentitzea, literatura den bidaia horren lagun bat bezala.