Julen Azcona

Kapitalismoaren inauteriak

2025eko abuztuaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iaz bezala, aurten ere Nafarroan Lizarrako txosnak bertan behera utzi behar izan dira. UPNko udalak ez du betiko esparrua erabiltzeko baimena eman, autobus geltokiaren ondoan. Azken urtean, gainera, alkateak hainbat prozesu judizial ireki ditu herriko bizilagunen aurka: bertako Raimundo el Canastero musika taldearen aurka, bere kontrako abesti bat egiteagatik, eta baita Lizarrako beste 27 gazteren aurka ere, iazko jaietako Bajadica del Puy izeneko ekitaldian protesta espontaneo batean parte hartzeagatik. Ni, Lizarrako asko bezala, han egon nintzen, Bajadican. Eta aurten ere egon naiz, herriko jaiak desjudizializatzea eskatzeko asmoz.

Prozesu tamalgarri horietaz aparte, interesgarria da atentzioa jartzea Lizarra bezalako hiri txikien jaien gestioan. Txosnak jarri behar ziren lekuan, alkateak food truck deritzen janari-postu mugikor batzuk ipini ditu. Horien inguruan, zurezko banku eta mahai batzuk; hau da, aisiarako ustezko gune bat, baina, berez, postuetan zerbait jateko ordaindu dutenek bakarrik goza dezaketen esparru bat.

Euskal Herriko jaiak herrikoiak dira, funtsean. Lizarran, beste leku askotan bezala, elkarte, peña eta talde ezberdinek osatzen dituzte herriko giro desberdinak. Herrigintza da jaiaren bihotza. Horri esker gogo, adin eta sentsibilitate ezberdin bakoitzarendako badago alternatiba bat. Jende guztia kalean dago, eta txoko bakoitzean aurki dezakezu inoiz ahaztuko ez duzun momentu polit bat. Herritik herrira egiten diren jaiak gizarte horren aniztasuna adierazi eta berretsi egiten du.

Kontrara, udalak beste eredu bat nahiago du. XXI. mende honetan, non ultraliberalizazioa tonika orokorra den, herriko esparruen pribatizazioaren alde apustu egin du. Egitasmo herrikoi horiek, debalde ateratzen direnak, etekin ekonomiko bat eman dezakeen beste zerbaitengatik ordezkatu ditu. Momentuz, bakarrik herriko autobus geltokia da transformatu duten gauza bakarra (txosnak bezalako esparru autogestionatu bat sakrifikatuz). Orain, beldurra da mugimendu hori urtero geroz eta gehiago handitzea. Joera horrek jarraitzen badu, jaien espiritu herrikoia pixkanaka-pixkanaka desager daiteke, ospatzeko ezer geratzen ez den arte: bere lekuan, hutsa, diruaren kolorea, maskarada antzu bat, kapitalismoaren inauteriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.