Bilboko jaiak amaitu dira. Buruak hozten ari zaizkigu txosnak desmuntatzetako burrunba amaitu ahala. Abuztuaren 16an gertatuaz pentsatzeko tarte bat hartu nahi nuke. Izan ere, hiru musikari gelditu ziren kontzertua eman ezinda. Ez zen euriagatik izan; ezta beroagatik ere. Hiru artistak Abandoibarra ingurura heldu zirenean, agertokia kontzerturako prestatu gabe zegoen. Sare sozialetan kontatu zutenez, han ez zegoen soinu probak egiteko aukerarik, eta ikusten zuten kontzerturako ere ezingo zirela iritsi. Hala ere, haiengan ipini nahi izan zuten kontzertua bertan behera uztearen ardura. Bilboko Udalak bestelakorik esan badu ere, hiru musikariek salatu zuten tratu txarra jaso zutela antolakuntzaren partetik. Kontzertua eman ezina nahikoa ez, eta udaleko webgunean eman gabeko kontzertuaren kronika argitaratu zuten. Ulertzekoa da lana aurreratuta edukitzea, baina gertatu ez den gauza baten kronika argitaratzea kaka pilo nabarmena da. Tristea da, baina inor ez da harrituko hiru artista horiek emakumeak eta euskaldunak direla esaten badut; gutxiago haietako bi euskara hutsez ari direla jakinda.
Galdera multzo bat ibili dut buruan aste osoan, baina uste dut erantzuna daukatenek nahiago izango dutela ez erantzun, jendearen aurrean popa bistan ez gelditzearren. Hiru artista horiek gizonak balira gauza bera gertatuko zatekeen? Demagun artistak gizonak zirela eta iristean oholtza prestatu gabe aurkitu zutela: emakume horiekin izandako jarrera izango zuketen antolatzaileek gizonekin? Euskal artistak izan ordez, kanpoko izen handiak izan balira, Bilboko Udaleko komunikazio zerbitzukoak konturatuko ziren kontzertua ez zela gertatu? Jaietako programazioa subkontratatuko ez balitz, halakoak gertatuko lirateke? Artistak gizonak eta urrutikoak balira ordainduko zaiela esatearekin lasai geldituko lirateke gure politikariak?
Disimulatu dezakegu, edo ez, baina galderen erantzuna zein den badakigu. Ez da kasualitatea halako desastrea hiru emakume artistak jotzen zuten egunean gertatzea. Kasualitaterako zirrikitua itxi egiten du gainera euskaldunak izateak. Amorrua ematen du. Beste edonorekin berdin gertatu zitekeela esango digute, baina beste inorekin ez zen gertatu. Gure elkartasunak baino gehiago balioko lieke hiru emakume handi horiei mehatxurik ez jasotzeak, eta kontzertuak emateak. Adi egongo gara.