Onintza Enbeita

Kontatu

2025eko abuztuaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egiten dugun guztia jendeari erakustea normala den garaiotan, ni ere jendearen Whatsappeko egoerak ikusten ibiltzen naiz. Edo Instagramen sartzen naiz ezezagunen oporrez gozatzen. Eder agertzen dira Kalifornia, Tenerife, Asturias, India, Mallorca zein Donostiako bazterrak. Egia da halakoetan argazkiak jartzeak libratu egiten gaituela lagun bakoitzari banan-banan deitzetik edo gauza bera behin eta berriz kontatzetik. Errelatoaren errepikapena ezabatu dute Instagramek eta Whatsappek, baina irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela sinetsi dugu, eta ez dugu ia ezer kontatzen. Bidaia amaitu eta hiru, lau, sei hilabetera hasten zara hizketan eta zeure bikotekideak esaten dizu: «Hori ez zenidan kontatu». Ez zara harritzen. Ez duzu bidaiaz ia ezer kontatu. Hori bai, argazkiak jarri dituzu denen bistan, han izan zarela jakin dezaten.

Esaten dute idatzizko mezu ez-formalen ugaritzeak ortografian eragin duela. Jendeak lagunei edonola idazten dienez, eta laburdurak ipini behar direnez, normal idazteko gaitasuna galdu dugula. Ez dakit gaitasunik galdu dugun, baina gaitasunen erabilerari uko egiten diogula argi dago. Eta pentsatzen dut kontatzeko gaitasuna ere gero eta ezezagunagoa zaigula guregan. Ez dugu ia ezer esplikatzen. Argazki bat igo sarera eta tabernetako aldizkarietako psikologoek esandako esaldiak jartzen ditugu: «Itsasoaren amaieran dago konponbidea», «izan zaitez zeu eta ametsak beteko zaizkizu», «gaua ilunen dagoenean dago gertuen goizeko argitasuna».

Nik ere igotzen ditut argazkiak sareetara, baina oraindik ere saiatzen naiz lagunak gogaitzen. Nahiago izango lukete nik ere argazkiak bidali eta isiltzera egingo banu, baina beti daukat kontatzeko zerbait. Eta bestela, bada, asmatu egiten dut. Jendea munduko beste aldean sakelakoa atera eta dena itzultzen ikusteak pena ematen dit. Komunikatzeko ahaleginik ere ez egitea tristea iruditzen zait. Ortografia akatsekin ernegatu egiten naiz. Kontakizunik gabeko argazkiekin, ostera, aspertu. Ez dut sare sozialak ez erabiltzeko apologiarik egingo: asko kosta zait haien erabilera murriztea. Ez ditzagun, baina, gure gaitasunak murriztu. Hor zehar ikusten banauzue, presaz ez banabil behintzat, kontatu iezazkidazue zuen argazkien atzean dauden istorioak, gauzak, lekuak, erosketak, desengainuak, ametsak, trenak, pertsonak, autobusak, bizipenak...

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.