Diego Palles Lapuente

Lehendakaria eta holograma: egiazko gertakizun bat

2025eko abuztuaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argizko giza irudi fantasmagoriko bat, forma distiratsu bat areto ilunaren atzealdean, lurraren gainean flotatzen. Atetik sartu berriei eskuaz agur egiten die, eta harengana gerturatzera animatzen ditu. Zatozte argira.

Nagusiak harro-harro daude instalatu berri duten hologramaz. «Holograma duen Euskal Herriko lehen museoa gara». Bisitariak irudi misteriotsurantz erakarrita sentitzen dira, museoari buruz galdetzen diote —zer dagoen, sarreraren prezioa—. Hologramak hainbat hizkuntza omen dakizki, baita euskara ere. Baina poliki hitz egin behar zaio, nahastu egiten da bestela. «Nor-zara-zu?». «¿Nosferatu? Es un vampiro». Proiektatzen duen giza irudia hiru generotan dator: maskulinoa, femeninoa eta ez-binarioa. Ez-binarioa emakumezko bat da, baina biboteduna.

Holograma milaka eta milaka euro kostatu zaie. Instalatu eta zehazki hamabi egunera hondatuko da (eta hilabeteak emango ditu hautsita, gaur egun arte), baina hori oraindik ez dakite nagusiek. Orain pozez zoratuta daude, egun gutxi barru lehendakaria bisitan etorriko delako eta gauza erakutsi ahal izango diotelako.

Eta etorri ere, lehendakaria gure museora etorri da. Nahaspila ikusgarria da. Herria zeharkatzen duen errepide bakarra aparkatutako auto ofizialez beteta dago. Bi langilek istripua izan dute lekuz mugitu behar dituzten ehunka kable, aulki eta mahaiekin estropezu eginda, lehendakariak eta haren segizioak bilerak, bisitak, diploma-emateak eta prentsaurrekoak egin ditzaten.

Museoko nagusiak berak egin die politikariei bisita gidatua. Holograma-gelan bukatu dute, jakina. Han langile talde bat ere badago. Trajez jantzitako gizon-emakumeen segizioa haien aurretik igaro da, baina ez da agurtzeko gelditu, ez die aurpegira begiratu ere egin. Aretoaren atzealdeko jostailu argitsuak dei egiten die. Gorbatadun taldeak inguratu egin du, berarekin hizketan hasi dira, barre artean, artefaktuak modu bitxian hitz egiten du eta. Langileei begien aurrean duten ikuskizuna sinesgaitza egiten zaie, irudi zeharrargi bat baino ikusezinagoak dira, argia baino gorpuzgabeagoak, jostailua baino hutsalagoak.

Bat-batean, lehendakaria biratu eta aretoaren beste puntako langileetako bati begiratu dio, haren presentziari antzeman dio. Langileak ikusi du lehendakaria irribarrez eta pauso sendoz beregana zuzentzen ari zaiola, begietara begiratzen diola eta behin aurrez aurre, ezpainak banatu eta, azkenean, hitza zuzendu diola: «Kaixo, komunak?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.