Julen Azcona

Liburutegiak eta liburu-dendak

2025eko abuztuaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Munduan bi motatako irakurleak existitzen dira: liburutegi-irakurleak eta liburu-denda-irakurleak. Alegia, liburuak irakurri eta liburuak erosi egiten dituztenak. Denok sentitu gara noizbait mota batekoa ala bestekoa. Sumatzen den sentsazioa ez da berdina liburu-denda edo liburutegi batera sartzean. Bi kasuetan literatura maitatzeko tartea dago, baina maila ezberdinean.

Badago desira eutsiezin bat, denda baten erakusleihoan liburu berri baten azal distiratsua lehen aldiz ikustean. Ez dauka hainbeste zerikusirik irakurtzeko nahiarekin, liburua gure eskuetan edukitzearekin baino: liburua gogoko dugu objektu gisa, alkandora berri bat bezala. Kapitalismoan, jabetzak paper garrantzitsuagoa dauka irakurketak eskaintzen duen gozamen misteriotsuak baino. Horregatik maiz liburua eta irakurle-eroslearen artean sortzen den harremana maltzurra da: liburu-objektu baten erosketak hurrengora garamatza, ezinbestean, eta konturatu baino lehen apalategi osoa objektuz beteta dugu. Objektu polit, bitxi, distiratsuak, etxean dugun dekorazioarekin bat egiten dutenak.

Liburua —objektua— etxera eramatean eta apalean gordetzean, badakigu agian ez dugula inoiz gehiago ukituko. Eta, Roberto Calasso idazle italiarraren iritziz, ez da ezer gertatzen. Berarendako, funtsezkoa da berehala irakurriko ez ditugun liburuak erostea: agian urtebete barru, edo hemendik berrogei urtera, liburu hori irakurtzeko beharra sentituko dugu. Objektua beharko dugu. Eta hor bertan izango dugu, apalategian.

Hori ez zaio gertatzen liburutegi-irakurleari. Harentzat (ene!) liburuak musu-truk dira. Doan eraman ditzake etxera, liburutegiei esker. Liburutegiak logika kapitalistaren arabera existitu behar ez luketen leku magikoak dira, non irakurleak milaka istorioren artean galtzen ahal den, gehien gogoko duena aukeratu arte. Liburutegi-irakurlearentzat, liburuak ez dira etxea apaintzen duten objektu bitxiak. Iraungipen data dute eta, beraz, irakurlearen adimenean utziko dute arrastoa, ez bere apalean.

Gogoratzen dut horrelako zerbait gertatzen zitzaiola Matildari Roald Dahlen eleberri maitagarrian. Liburutegiak deskubritzen zituen eta, hortik aurrera, neskaren bizitza ez zen berdina izan: botere magikoak garatu, bere guraso ergelengandik ihes egin eta hamaika abentura bizi zituen. Zer edo zer esan nahi zigun horrekin Dahlek, segur aski.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.