Julen Azcona

Mapak eta iparrorratzak

2025eko abuztuaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Munduan bi motatako idazleak existitzen dira: mapa-idazleak eta iparrorratz-idazleak. Mapa-idazleek aldez aurretik planifikatzen dute eleberria, azken xehetasuneraino. Iparrorratz-idazleek, aldiz, idazten duten heinean bidea aurkitzen dute.

Mapa-idazleek ziurtasuna sentitu nahi dute sormena den errepide bihurgunetsuan: kurba itxi bakoitza ezagutu, etxearen ondoren zuhaitza dagoela aurreikusi. Iparrorratz-idazleendako, berriz, segurtasuna aspergarria da. Haientzat idazmena ez da errepidea, itsaso zakarra baizik: surflari bat olatuen artean bezala, iparrorratz-idazleek orri zuriaren erronkari aurre egiten diote etengabe.

Literatura ez da zientzia zehatz bat. Autore bakoitzak bere bidea bilatu behar du, eta irakurle bakoitzak ikas dezake zer-nolako literatura gogoko duen, bi estilo hauek kontuan izanda.

Mapa-idazleak maiz identifikatzen ditugu nobela beltzarekin. Euskaraz, Alberto Ladron, Jon Arretxe, Itxaro Borda. Beste hizkuntzetan, Agatha Christie, Jo Nesbo, Patricia Highsmith. Egile hauek lanean imajinatzen ditut mendiaren erdiko baserri zahar batetan. Leihoaren beste aldean, behe-lainoa, eta idazteko gelaren paretan hamaika post-it, laburpen eta eskema, paperez egindako burbuin erraldoi bat.

Iparrorratz-idazleak literatura garaikidea eta poesiarekin erlazionatzen ditut. Genero hauetan lantzen diren gaiak intimitatea eta giza-gatazkak direnez gero, iparrorratza baliotsuagoa dirudi, mapa zehatz bat baino. Euskaraz, Kirmen Uribe, Karmele Jaio, Eider Rodriguez. Beste hizkuntzetan, Enrique Vila-Matas, Sigrid Nunez, Haruki Murakami, Virginia Woolf.

Haientzat misterioa ez da thriller baten amaiera harrigarria. Misterioa hitzetan dago, hizkuntzan, erritmoan, esaldien soinuan. Pertsonaien bidaia psikologikoa da enigmarik garrantzitsuena, eta egileek idazten duten heinean deskubritzen dute, haiek ere irakurleak izango balira bezala. Azken finean, egileek irakurtzea maite dutelako idazten dute, irakurtzean sentitzen duten sentsazio paregabe hori orri zuri batean transmititu nahi dutelako.

Bizitzan, literaturan bezala, mapa ala iparrorratza bezala jokatu dezakegu: gauzak gehiegi planifikatu ala patuak leku ezezagun batera eraman diezagula utzi. Azkenean, berdin dio zein aukera erabakitzen dugun: denok dakigu zein izango den guztion amaiera. Baina gero gerokoak. Bitartean, prozesuaz gozatu, bizitza libururik gogokoena balitz bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.