Julen Azcona

Meryl Streep eta mugikorren distira

2025eko abuztuaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Normala bihurtu da zinema areto batera sartzea, argiak itzaltzea (magia hastear da!) eta, behin filma hasita, norbaitek mugikorra ateratzea. Inongo lotsarik gabe eta sakelakoaren distira topera dagoela (areto osoak ikus dezan!). Baten prezioko bi pantaila: handian Meryl Streep; txikian, Whatsappeko elkarrizketa bat.

Ia irakur ditzaket ikusle horren hizkirimiriak, eta zaila egiten zait sen hiltzailea zapaltzea. «Ez, mesedez», esaten diot neure buruari, «ez erail ikusle gaixoa!». Beharbada lehengusua hil zaio edo, besterik gabe, bere errealitatea hain da interesgarria, non ezin duen bi orduz deskonektatu. Zoaz pikutara, Meryl Streep! Beste pertsona honen bizitza bai dela sekulakoa!

Arazoa nirea da. Nire bizitza erabat aspergarria da! Eskas, goibel, betiluna. Erabaki okerrak hartu ditut. Inork ez nau maite, edo ez dut inor maite, eta orain bi ordu osoz mugikorra ikusi gabe egoteko gauza naiz. Emakume horrek, ordea, Meryl Streep-en antzezpenaz eta bere bizitza zirraragarriaz gozatu dezake, aldi berean. Inbidia dut, bizitzan galdu dudalako eta berak, ordea, urrezko medaila irabazi.

Hau ez da bakarrik zineman gertatzen (oxala!). Antzerkietan, dantza ikuskizunetan, ezin dugu gure bizitza segundo batez alde batera utzi. Horregatik, beharbada, hainbeste gustatzen zaizkigu sare sozialak, gehien maite dugun gauza jorratzen dutelako (gu geu!). A zer nolako asmakizuna, Internet. Zertarako nahi dut Meryl Streepek axola ez zaidan istorio bat kontatzea bere pelikuletan, nire bizilagunaren bataioko argazkiak ikusten ahal baditut Whatsappeko egoeretan?

Hoberena da, dudarik gabe, bi gauzak batera egiteko gai garela. Plan paregabea: Meryl Streep pantaila handian eta bizilagunaren bataioa, txikian. Izan ere, XXI. mendeak multitasking-a oso serio hartzen du. Mugikorra zineman ateratzea guztiz justifikatua dago, beraz. Lasaiago geratzen naiz. Gero, aretotik ateratzean, lagunari esango diogu: «A zein film aspergarria!». Eta etxera bueltatu eta sofan etzango gara, benetan nahi duguna egiteko: lasai-lasai sakelakoa atera eta sare sozialak ikusi, Meryl Streep-en inguru-zaratak eragotzi gabe.

Agian, mugikorrean BERRIA ireki eta gure zinema-areto berdinean zegoen idazle samindu baten zutabea irakurriko dugu. Eta testuak guri buruz hitz egingo du. Eta burla pixka bat egingo digu. Baina ez gara identifikatuak sentituko. Noski. Gu hori baino hobeak gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.