Txikia nintzenean, kritikaria izan nahi nuen. Soilik hori. Lan perfektua da, jendeak ordaintzea iritzia emateagatik. Ratatouille filmean agertzen den gizon argal eta betaurrekodun hori izan nahi nuen, Paristik buelta bat eman, lepo altuko jertseak jantzi. Jatetxeetara joan eta hau ez zait gustatzen eta hau bai esan. Jendeak entzutea nahi nuen. Haien portaera baldintzatu. Dendak ireki eta itxi. Moda aldizkari bat zuzendu, Vogue-ko Anna Wintour bezala. Jendea nire beldur izatea. Manhattango atiko izugarrira iritsi eta, arraza garbiko txakurra laztantzen dudan bitartean, bakardade erraldoia sentitu.
Hori guztia posible zela uste nuen txikia nintzenean. Mundua La Dolce Vita bezalako eszenatoki bat izango zela. XX. mendean, kritika profesionalak bazeukan kulturaren arloan halako zama handi bat. Kritikariek esaten zutena munta handikoa zen. Film, musika talde, jatetxe edo antzezlan bat gomendatzen bazuten, jendeak kasu egiten zuen. Jendeak irakurtzen zuen, orokorrean. Egunkariak erosten zituen egunero eta, gauero, paperontziek orri zaharkituz beteta amaitzen zuten. Kritika garrantzitsua zen. Kritika on batek fenomeno kultural bat sortu zezakeen.
Interneten garaian, jendeak testuen ordez bideoak kontsumitzen ditu. Egungo kritikariek ez dute idazten. Zertarako? Tiktok-en daude. Etorkizuna tripode bat eta foku on bat erostea da, etxetik mugitu gabe iPhonearekin kritika grabatzea. Eta ez du benetako kritika bat izan behar ere: edukia da orain jendeak nahi duena. Edukia, kontzeptu abstraktu bat, normalean marka batek ordaintzen duena. Beraz, kritika independentetik urruntzen den zerbait. Kritikaz mozorrotutako iragarkia.
2025ean, jendearen joera kulturaletan eragina duten horiek influencer-ak deitzen ditugu, ez kritikariak. Ez dakigu zein den haien meritua. Maiz hogei urte baino gutxiago dituzte, baina gizarte gisa haien iritzia garrantzitsua dela erabaki dugu. Haien erakargarritasuna honetan datza: ustez pertsona normalak direla, gauzak etxetik gomendatzen dituztela, inongo maleziarik gabe, lagun bat bezala.
Ingelesek relatable hitza erabiltzen dute izaera hori deskribatzeko: alegia, hurbila, gu bezalakoa. Badirudi jadanik ez dugula nahi XX. mendeko kritikari esnob horrek esatea zer den kulturan merezi duena. Gure laguna izan zitekeen horrek esatea nahi dugu: publizitatea edukia bezala maskaratzen duen lagun arraro batek.