Julen Azcona

'Sirat' eta Mendebaldeko Sahara

2025eko abuztuaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sirat-ek, Oliver Laxe zinemagile galiziarrak zuzendutako filmak, arrakasta handia izan du uda honetan. Nahiz eta luzea, motela eta egile zinema izan, jendeak ikusgura izan du Cannesko zinemaldian lortu zuen sariari eta trailer erakargarri bati esker, non basamortuaren erdian ospatzen den rave bat erakusten den.

Nire emanaldian, ikusleen artean denetarik zegoen: betiko zinemazaleak (batez ere emakume jubilatuak), baina baita neska-mutil gazteak eta rave-zaleak ere. Plazer bat da 2025ean, non kulturak mugikorretan hainbeste alternatiba, plataforma eta aplikazio eskaintzen dituen, zinema areto batetara mugiarazten gaituen zerbaitek atentzioa bereganatzeko boterea izatea.

Sirat-ek polemika ekarri du. Marokoren babesa izan du, bertan filmatzeko, baina Oliver Laxek ez du istorioa edozein zonan kokatu: filmean esaten den bezala, «Mauritaniatik gertu» gertatzen da. Ez dena esaten zera da: Marokok ez duela zertan Mauritaniarekin mugarik izan behar, bertan beste herri bat existitzen delako: Mendebaldeko Sahara.

Pelikulan, behintzat, pertsonaiek ez dakite Saharan daudela. Eta ez zaie axola. Haien interes bakarra desertuan dantzatzea da. Inguruan, gerra bat hasten ari dela iradokitzen da eta, ezinbestean, gatazkan dagoen paisaia haien aurka bihurtzen da.

Kritika bananduta dago. Zuzendariak Sahararen okupazioaren kritika sotila egin nahi zuen, eta rave-zaleek Sahara babesgabetu duen Europa irudikatzen dute? Ala auzia berdin zaio eta, arinkeriaz, soilik paisaia ederrak filmatzea interesatzen zitzaion? Galdera garrantzitsua da, kontuan hartuz Espainiaren historia koloniala eta Estatu horrek duen rola afera konplexu horretan. Kontuan hartu behar da Marokok filma finantzatu duela. Aldi berean, Estatu errepresoreen laguntzarekin egindako zinemak historian aurkitu du modua zentsurari ihes egiteko, metafora edo sinboloei esker.

Nolanahi ere, Oliver Laxek eman dituen elkarrizketetan badirudi basamortuetako rave-ei buruzko film artistiko bat egin nahi zuela, politikari atentzioa paratu gabe. Dena den, artea hain boteretsua da, non askotan artistaren gainetik dagoen, eta nahi ala ez Sirat-ek Sahararen auziari gaurkotasuna eman dio. Artea bizirik dago. Elkarrizketa soziala ez da zertan mugikor batean sortu. Zinemaren botere aldatzailean sinesten dugunontzat itxaropena dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.