Onintza Enbeita

Telefonoa

2024ko abuztuaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Herriko jaiak usaintzen hasita zaude duela urte erdi erasoen kontrako protokoloa lantzen hasi zinetenetik. Udalak ez du ulertu nahi izan zergatik ez duen ezer hobetzen poliziaren presentziak, eta azkenean, merezi baino azalpen gehiago eman ondoren, haiek haien protokoloa egin dute eta zuek zeuena. Zuk argi daukazu iaz txosnagunetik jarrera babosoagatik bota zirenei aurten tragorik ez zaiela atera behar, eta badakizu, ume bat bortxatu izanagatik salatuta dagoen hori txosnagunera badator handik bidaltzen saiatuko zarela, baina tripak nahasten dizkizu egoera horietan pentsatzeak. Izan ere, badakizu, zugandik hain urrun ez dagoen jendeak ere ez duela nahi halakorik egin dezazun: «Ez iezaguzu jaia izorratu». Jendeak alkohola nahi du jaietan, drogatu, desfasatu, dantzan egin, txortarako norbait bilatu edo betikoarekin jo, baina hormaren kontra jarri dutena haien ipurdia ez den bitartean, hor konpon! Eta esaten dizute feminismo hitza kendu egin behar dela protokolotik, eta lehertzen zaizkizu hesteak, ez baituzu ulertzen emakumeen askapena feminismorik gabe; baina gero eta nagi handiagoa ematen dizu azalpenak emateak. Nahikoa daukazu erasotuak aurten ere etxean geldituko direla pentsatzearekin. Badakizu erasotzaileak agertu egingo direla jaien erdigunera: «Hemen gaude, eta bada babesten gaituen jendea».

Zuk ere amets egiten duzu erasotuentzako telefonorik jarri beharko ez den jaiekin, baina aurten ere poltsikoan telefono hori duzula aterako zara. Jo dezake bat ziztatu egin dutelako, komunerako bidean beste bat hormaren kontra jarri dutelako, marika delako beste bat jo dutelako... baina jendeak dantzan jarraitu nahiko du, eta musika itzaltzen baduzu, mutur okerra jarriko dizute kamisetan pegatak dituztenek ere. Zuk, ordea, jotzen duen bakoitzean hartu egingo duzu telefonoa. Horregatik zara sare feministako kide: ulertzen duzulako eraso matxista zein LGTBIQfobo bakoitza porrot soziala dela. Ezin badugu denok libre ibili jaietan, guztiok porrot egin dugu. Are gehiago, geuk eraikitako espazioez ari garenean.

Amaituko dira jaiak, eta alkatea aterako da telebistan: lokalean, autonomikoan edo bietan. Eta aurten ere jaiak ondo joan direla esango du: «Emaitza positiboa egiten dugu». Bitartean datorren urtera arte itzaliko duzu aurten ere behar baino gehiagotan jo duen telefonoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.