Vicent Partal.
Enbaxada bila

Ekialdeko Plaza

2014ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Duela urte batzuk idatzi nuen ETA zela Espainiako demokraziaren Ekialdeko Plaza. Irudi hark polemika ederra ekarri zidan hainbat astetan, baina nago irudi egokia zela. Ekialdeko Plaza, hori jakiteko adinik ez dutenentzat, Madrilgo plaza bat zen, eta hantxe hartu ohi zuen Francok bere jende oldea, diktadurak lerroak elkarrengana are gehiago bildu nahi zituen bakoitzean. Elkarretaratze haiek bazuten besteenganako mespretxu keinu ezinago nabarmen bat, gogo mehartasun obsesiozko bat. Gogoan dut, ondo iltzatua geratu baitzitzaidan, nola zioen NBEren aurkako pankarta batek: «Si ellos tienen ONU, nosotros dos (Haiek NBE delako bat badute, guk halako bi)». Irudi paradigmatikoa zen hura: macho espainola mundu guztiaren kontra, garrasika eta zantarki. Apenas axola zitzaien errealitatea…

Handik urte batzuetara, eta, behin demokrazian, lehengora jo zen ETAren kontrako borrokarekin. Espainiako alderdiek, demokratikoek zein erro frankistakoek, pixkanaka, erraietiko eta hunkiberatasunezko burubidea lehenetsi zuten arrazoibidezkoarenaren aldean; ulertzekoa zen, baina baita arriskutsua ere arrazionaltasunaren muga gaindituz gero. Eta horixe gertatu zen. Munstro sentimental bat sortu zen, arrazoirik aintzat hartzen ez zuena eta errealitateari erreparatzen ez ziona. Munstro transbertsal bat, ETA desarmatzen hasia izanagatik, are eta eskuin muturrerantzago birarazten duena Espainiako politika.

Horren adibide ezinago argia izan zen, esaterako, Espainiako Ministroen Kontseiluaren ostiraleko prentsaurrekoa, Jorge Fernandez Diazek gutxietsi eta arbuiatu egin baitzuen Egiaztatze Batzordearen agerraldiaren iragarpena, batzorde horrek bere prentsaurrekoa egin ere baino lehen. Jokabide komikoa izango litzateke, inondik ere, baldin eta ez balitz bestelako gogoangarri tragiko bat: ETA oraindik ere nazionalismo espainolaren Ekialdeko Plaza delakoa, baita armarik gabe ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.