Gaur freskatu du herrian, eta apokrifoen aldeko altxatu naiz. Duela bi aste Amaiur Epherrek hizpidera ekarri zuen gaia orriotara. Hona apokrifo bat hedatzeko ariketa, Allinibarretik higitu gabe.
Arbeitza herrian gara, Julian Arteaga arkitektoaren sorterria eta Araoen Ama Birjinaren egoitza. Alta, bada, beste bat da Lizarraldeko herri honetara ekarri gaituen zioa. Arbeitza eta Iguzkitza artean, Ega ibaiaren bazterrean, aintzira bat duzue, Arbeitzako putzua. Inguru horretan zenbait gertaera harrigarri jazo ziren aspaldi. Kondairak bertsio ezberdinak ditu; denetan jauregi bat ageri da, han bizi ziren jaunen zekentasuna begien bistakoa duzue, eta eskale batek heltzear den hondamendiaz ohartarazten du jauregian bizi den neska. Hondarrean neska libratzen da, jauregia desagertu eta bertan aintzira bat ageri. Jose Migel Barandiaranek 1921ean artzain baten ahotik bildu zuen bertsioak osagai horiek guztiak ditu. Ataundarrak Kaizedoko bentako elezaharrarekin lotu zuen Arbeitzakoa.
Mendea igaro eta bertsioak ugaritu. Horietako batean neska bat ordez, bi ageri dira, Leonor eta Blanca, bata gaiztoa, bestea ona. Eskalea Pelayo izeneko morroia duzue. Eta bertsio berri batean Anbotoko Mari da hondamendiaren erantzulea.
Barandiaranen bertsioan, aintziran ezin da igeri egin, zeharkatzean uraren deiak xurgatuko baitzaitu. Ene iduriz, kondairak putzuan bainua hartzearen gozoa ebatsi nahi die gazteei. Ea hurrengo astean apokrifo hori zertzen dudan.