Leire Zorrakin

Arroza Coca-Colarekin

2025eko abuztuaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

DBHko Filosofia irakasleak esan zigun ez dagoela filosofo hoberik mundua deskubritzen ari den haur bat baino, bere buruari zein ingurukoei galderak etengabe egiten dizkiona baino, hain zuzen ere. Zoritxarrez, hazten denerako mundura ohituko da ziur asko, bere gauza on eta txarrekin. Ohitzeko beldur izan naiz beti.

Hala ere, une batez pentsatzen badugu, gizartea konstruktutan oinarrituta dago, momenturen baten horiek horrela direla erabaki dugu, eta unean uneko beharretara egokituz joan gara. Berrikuntza, klase sozial jakin bati dagokion hitz modernoa dirudien hori, gizateriak historian zehar ezbeharrei aurre egiteko eta bere bizi egoera hobetzeko gauzatu du. Pentsamendu kritikoa berritzeko eta martxan jartzeko, ostera, pentsatu egin behar da, eta pentsatzeko asperdura behar da; baina pantailaz eta zarata zuriz beteriko gizarte batean, burmuinak kanpoko estimulu gehiegi ditu barrukoari arreta jartzeko.

Era berean, beste kultura batzuk eta bizitzeko beste modu batzuk ezagutzeak begi bistan uzten du dena asmakizun bat delako planteamendua; hortaz, zergatik ezin izango da ordezkatu? Lehendik dagoenarekin batu ala, apika, ordezkatuko duena. Duela gutxi, emakume kolonbiar batek kontatu zidan gabonetan bere herrialdean arroza Coca-Colarekin prestatzen dela, eta arrotza ematen badu ere, han tradizio bihurtu den zerbait da. Coca-Cola ez dela beti existitu, norbaiti bururatu zitzaion batzea. Berria dena tradizio bihurtzen da, berritzea berez badelako tradizio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.