Leire Zorrakin

Behatz txikiko azazkala

2025eko abuztuaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behatz txikiko azazkala xumea eta hutsala da, harik eta gau batean komuneko atearekin kolpe bat hartzen duzun arte. Orduan, gehien hautematen duzun gorputz atala bihurtzen da, eta zeure burua madarikatzen duzu korridoreko iluntasunean ihes egiteko ahaleginean ahaztu egin zaizulako.

Azkar paseatzen zara hilabeteetako bulebarretik, astelehenetik ostiralera ibilaldia bizkortuz, igande arratsaldearen beldur. Irailetik ekainera hibernatu baino ez duzu egiten, sandiaren, izozkien eta eguzkitako kremaren garaiari itxaroten... Bizirik ematen dituzun ordu guztietatik, zenbat igarotzen dituzu gerokoen zain?

Etorkizunean pentsatzen ari zarela, bat-batean oin bat bestearekin zapaltzen ikusi duzu zeure burua, behatz txikiko azazkalaren min zorrotza estaltzeko. Une batean, alde batera utzi zenuen hori gogoratzen duzu, zure zati saihetsezina dena baina normaltasunez ibiltzeko gai zarenean berriro ere atzean uzten duzun hori.

Zer gertatuko litzateke behatz txikiko azazkala betiko eroriko balitzaizu? Eta alferrikako itxura duen hatz txiki hori bera moztuko balizute? Zenbat gauza uzten dituzu alde batera kolpe batek haien existentzia gogorarazten dizun arte? 

Hau idatzi bitartean sandaliak janzten ari naiz behatz txikiko azazkalari begiratu ahal izateko eskailerak jaisten ditudan bitartean, eta neure buruari esan diot: hartu kafe hori, deitu, jo ate horretara... Eta bada garaia, moztu azazkalak.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.