Soziologia desberdinxea dute hotelek eta kanpinek. Azkenak luxuzko egonaldietara gero eta gehiago gerturatzen ari badira ere, kanpinean norberak egin ohi ditu bere sukalde-lanak. Eta detaile xume horrek badu nahikoa pisu opor-gizarte txikien keria guztiak azaleratzeko.
Buffeta duen hotela aukeratzen du batek, urte osoko pentsatu eta prestatu beharraren karga arintzeko. Buruak irudikatzen du: eseri eta jan. Orduan, hotelera bi haur txikirekin iristen zara, eta buruak pentsatzen du: hemen ezin da ia jan.
Egiazki, tomatez zikindutako tronek, lurrera botatako ogiak, makarroiekiko menpekotasunak edo gelatina berde hori probatu beharrak ez diote kalterik egiten munduari, ezpada gurasoen pazientzia zakuari.
Hotelean, buffeta eskubide eta klase bereizgarri gisa ulertzen duen kontsumitzailea baita ezein otordutako ozpina. Utzi koilara, eta begiratu ingurura: ni, ni, ni eta ni platerean sartzen direnak baino oilasko nugget gehiago harrapazka hartzeko saiakeran.
Berdin dio jango ditugun, edo aldamenekoek jango lituzketenak zabor bilakatuko diren ukitu ere egin gabe. Berdin diote mahaian utzitako narraskeriek eta lanean bururik altxatu gabe ari diren langileek; inor gutxik altxatzen die burua haiei, eskerrak emateko.
Hotelak mundu ñimiño eta performatuak dira, baina pikutara doan benetakoaren antz handiegia dute: hamaken inbasioa eta janariaren monopolizazioa dira udatiar askoren autoafirmazio bakarra.