Testosteronaren gorazarre betea izan dugu azken hilabetean —egia esateko, urte osoan da, baina azken hilabetekoa demasekoa izan da—. Txorimalo bat legez ikusi ditut piperpotoak kaleetan, artaburuak sokorruka aditu ditut etxetik. Ni ahalegindu naiz algoritmoak aztoratzen, baina ihes egitea sano gaitza izan da, sano. Ostenduta ere oihartzunak ezin atzean utzi.
Distopia topiko bihurtu dute, kaparrada ederra eman digute, baina orain galdera nire ustez hau da: zer legamia, zer hazi, zer lorratz utziko du horrek gurean? Zer arrasto utziko du identitateen eraikuntzan? Jakina, erantzunik ez dut eta agian ez dut izan nahi. Gainera, erantzunaren zati bat gure esku dago, etorkizuna ez dagoelako idatzita, zorionez.
Horretan nenbilela Livia Jimenez ikerlariarekin gogoratu nintzen. Berak ume batzuek migrante testuinguru batean zelan eraikitzen dituzten identitateak aztertu zuen. Eta, besteak beste, honako ondorio honetara heldu zen: identitate etnikoak ez dira aldaezinak, aldaketetan murgilduta baitaude: eraikiak dira, erabiliak dira, ukatuak dira, negoziatuak eta erantzunak dira, eta egoera sozialetan erabiltzen dituzte komeni zaienaren arabera. Horri hau gehituko nioke nik: eta, gainera, testuinguruaren arabera, modu batera edo bestera adierazten dira.
Hortaz, identitateen performatze horretan desirak du garrantzi berezia, Liviaren arabera. Guk desira badugu, bai, baina legea ez, horrek dakarren guztiarekin. Eta lege barik asmatu dugu desira elikatzen, baina noiz arte eutsiko diogu?