Lanegun eguerdian, erlojua berraztertzen dut arratsaldea konturatu gabe heldu ote den desiratuz. Behin eta berriz errepikatzen den istorioa: goiza bukatu eta egunaren bigarren erdirako planifikatutako jarduerak egiteko unea itxaroten igarotzen ditut ordu flotatzaile horiek, grabitateak hondoratzen ez dituen minutu bukaezinak.
Eguerdia, egunaren-erdia, baina non bukatzen dira muturrak eta non elkartu? Trantsizio momentuak dira eguerdiak, arratsaldearen itxarongela, ezjakintasun geldiarazle moduko bat daramaten bazkaldu ondorengo tenoreak.
Orduan hasten dira pentsamenduak dantzan: zeintzuk ote dira nire bizitzako eguerdiak? Iragate sasoiak, ez hausnartzearren, antsietatea ez kudeatzearren entretenimendu hutsalez betetzen ditudanak.
Gaztea naiz (momentuz), ikasketak bukatu berri dituena, eta orain ez dago aitzakia handirik neure buruari urteetan zehar proposatu dizkiodan jomugei ez ikusiarena egiteko. Zelan aurre egin, ostera, hainbeste denboran elikatutako espektatiba horiei? Ala hainbeste posibilitateren artean aproposena ez hautatzeko aukerari?
Suposatzen dut eguerdiak gogoetarako uneak direla, askoz samurragoa bada ere ondoriora heltzea momentuan siesta ez egiteko erabakia hartzea baino. Alabaina, eta zer gauzak ondo ateratzen ez badira? Zer da ondo, dena den?
Bueltak ematen dizkiot kafeari, hormako ordulariari aditasunez begira. Arratsalde usaina sartzen da leihotik, hurrupa luzea eta banoa.