Uda honetan ene herriko gazte batzuekin musean ari nintzela, «euskara ulertzen dut baina ez naiz mintzo» bota zidan parekoak, frantsesez. Ipar Euskal Herrian maiz entzuten den erranaldia da, batez ere gazteen ahotik. Buraso euskaldunak dituzte, txikitatik euskara belarrian dute, baina mintzoaren soka ez zaie osoki transmititua izan. «Adio, untsa hiza?», «enbido, hordago, kanta», eta gaineratekoa frantsesez.
Euskaraz hitz egiteko trebezia eskasez, hizkuntzarekiko lotura beste manera batez mantentzen dute: musean arituz, ostatuko barran ukondoa pausaturik kantu zaharrak harro-harro abestuz... Izan ere, euskararen komunitate «herrikoi-familiarraren» baitan kokatzen dute haien burua, euskaltzaleen komunitate politikoaz baztertuak sentitzen diren ber.
Bi komunitateek hizkuntza bera badute ere (edo bazuten ere), balio sistema desberdinaren arabera adierazten dute haien «euskalduntasuna». Ekuazio horretan daude baserriaren eta hiriaren arteko harreman dialektikoa edota «modernitatearen» eta «tradizioaren» eraikuntza sozialak ere, besteak beste.
Gazte horietako gutti batzuk gau eskolarako bidea hartuko dute agian, bikote euskaldun bat topatzeak edo guraso bilakatzeak motibaturik.
Azken 40 urteetan, euskalgintza sozialak zein instituzionalak karta guziak jokatu ditu hezkuntzan eta alfabetatzean. Eskolari eta gau eskolei soilik enbido eginez, nago ea «komunitate herrikoi-familiarreko» gazte horiei ez diegun «paso» egiten.