Kontabilitatea eta idazketa elkarrekin ibili dira beti. Idazkerak Egiptoko eta Mesopotamiako hirietan agertu ziren, Neolitoa bertan ongi aitzinatua zela, Historiaurrearen bukaera (edo Historiaren hastapena) markatuz nonbait han, duela bost mila urte pasa. Hirietan giza harremanak gero eta konplexuagoak bilakatu ziren, harreman hierarkikoak barne. Orduan ere, botere ekonomiko-politikoa kontu eske...
Jean-Luc Godard-ek errepikatzen zuen Mesopotamiako merkatariek zutela idazkera asmatu, beste batzuek istorioak kontatzeko erabili aurretik. Godard bera, gidoi zehatzik segitu gabe filmaketan murgiltzen zen, hatsarreko zinegileek gisa hartan lan egiten zutela gogoratuz. Hau da, zuzendaria noraezean bezala ari zela, kontableak —gastuak zerrendatzerakoan— lehen testuak etzaten hasi ziren arte. Batek kamerarekin kontatzen duena besteak diruz kontatu.
Joan den astean aipatu bezala, Jose Anjel Irigarairen azken liburuak idazkeraren sorrera eta garapena ditu solasgai, beste hainbat konturen artean. Euskarriaren bilakaeraz ere du axola: papiro landarea, animalien larru tratatuak, Txinako papera, eta nola ez, Gutenbergen asmakizuna!
Hara non zenbakiak berriz agertzen zaizkigun: ele-meletarrok agorrila iragan dugu hainbat hizki edota karaktere lerrokatzen, eskatutako kopurua gaindituko ez genuela kontagailu automatikoarekin zaintzen, 1 eta 0 zenbaki soilak euskarri izan ditugula.