Eszenatokia: 1990eko hamarkadako kafe antzoki izpirituko taberna sasi-modernoa; pintxo-eskaintza ikusgarria (bezain garestia); Artzeren eta Gandiagaren esaldi motibagarriak euskal grafian irarritako hormetako afixetan; Huntza, Gatibu eta Sorotan Bele nagusi Spotifyko playlist-ean; inork orriztatzen ez dituen BERRIAren eta tokiko euskarazko aldizkariaren aleak barran; seme-alabekin euskaraz eta haien artean gaztelaniaz ari diren berrogeitakako gurasoak terrazan, artisau-garagardoak edaten, haurrak utzi dizkieten sakelakoekin aritu bitartean.
―Hara, aspaldiko!
―Bai horixe! Hilabeteak-edo, ezta?
―Urte eta erdi, gutxienez.
―Hainbeste? Benetan?
―Eta gehiago ere. Irakurketa taldera etortzen ez haizenetik...
―Egia dun pixka bat abandonatuta daukadala. Saiatzen naun programa jarraitzen, baina...
―Euskara salbatzeko ahaleginetan hasi hintzenetik...
―Bai, galtzak bete lan gabiltzan. Dela Korrika, dela Euskaraldia, dela mintzalagunen eta world kafeen antolaketa, dela euskalgintzako beste erakundeekiko koordinazioa… eta txostenak, eta kale-neurketak, eta bilerak, eta jardunaldiak, eta analisi-diagnostikoak, eta udako ikastaroak, eta atzerriko hizkuntza minorizatuen ordezkarien bisitak...
―«Dena emon behar jako…».
―Halaxe dun.
―Tira, imajinatzen diat ez haugula berriro ikusiko euskara salbatzen duan arte.
―Edo betiko galtzen den arte, kar, kar, kar.
Y así fue: no volvieron a verse hasta ese momento, exactamente.