Leire Zorrakin

Euskarak eman didana

2025eko abuztuaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskola garaian ez nuen euskaraz egiten. D ereduan ikasi nuen, baina patioan, lagunekin eta etxean beti mintzatu naiz gazteleraz. Gainera, itunpeko ikastetxe batean ikasita, ez nuen sarerik herrian, eta horrek sakonki frustratzen ninduen.

Aldi berean, feminismoan subjektu aktibo izateko grina ere piztu zitzaidan, unibertsitate garaian egoerari aurre egin eta militantzia feminista antolatuaren parte izaten hasi nintzen. Gaur egun taldea bertan behera geratu da, baina ezin izango dut inoiz eskertu zein puntutaraino ireki zidan begirada. Elkarbanatzeko espazio seguru bat aurkitu nuen, lagunak eta bizi naizen kaleetan sarea egiteko aukera. Herri saretu batean munta erakutsi zidan, hirigintza ereduaren inpaktu soziolinguistikoa.

Gainera, euskaraz egiteko abagunea izan nuen, horrek dakarren pentsamendu-trena erabiltzeko, hastapenetan zailtasun eta hutsegite nahikotxorekin eta, gutxinaka, soltura handiagoarekin. Gure hizkuntza txiki-handiak kreatibitatea piztu dit eta funtsezkoa izan da naizen eta eraiki nahi dudan bizimoduan lurreratzeko. Askatu eta gaur egun izugarri maite ditudan pertsona askotara hurbildu nau.

Euskaldun berri sentitzen naiz hezkuntza formalean oso txikitatik erabili izan dudan arren; eta ondo dago, familiak ahal duen onena egiten du gu hazteko, eta, ondoren, gure erantzukizuna da gure bizitzari forma ematen jarraitzeko egiten duguna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.