Bretainiako megalitoen egileak jatorriz feniziarrak zirela irakurri dut Maurice Le Lannou-ren geografia liburu zaharkitu batean. Historiaurrearen bukaeran, Mediterraneoko kosta orientaleko printzetzat neuzkan feniziarrak. Hortaz, Europa atlantikoko ipar-mendebalderaino iritsi izan zitezkeelako ideiak harriturik utzi nau, doi bat durduzaturik. Nabigatzaile apartak izanagatik, ez nituen halako eremuetan jaun eta jabe irudikatzen.
Bilaketak egin eta ohartu naiz, ordea, geografoak idatzitakoa XIX. mendean zabaldutako oinarri arkeologikorik gabeko mito bat besterik ez dela. Orduan, ene buruan eraikitako hainbat ideia anakronikoren arteko zubiak —hau da, Bretainiako megalitoen altxatzeko eta Egiptoko piramideen harriak mugitzeko teknikek jatorri bera duketela— bertan behera geratu dira.
Aste batzuk berantago, Jose Anjel Irigarairen Ele eta hitz, ahoz eta idatziz liburua hostokatzen nuela, berriz topo egin dut feniziarrekin. Bigarren kapituluan, idazkeraren historia labur bat agertzen da. Bertan, Jose Anjelek gogoratzen digu aski ezaguna den kontu hau: alfabeto grekoa, latinoaren arbaso, sistema feniziarrean oinarritzen da, azken horri bokalak gehitzen dizkiola.
Azken urteetan, Irulegiko Eskuak gure lurraldean bestelako alfabetorik erabili dela oroitarazi digu. Eta historialariek diotenaz, zeltiberiarrena ere alfabeto feniziarraren ondorengoa zatekeen. Zorionekoak gu, eta feniziarrei eskerrak.