Lizarrako Regino maiz igarotzen da Arbeitzako putzuaren aldameneko landa bidetik, eta erran didanez ez du inoiz inor bainuan bertan ikusi. Sakona behar du putzuak. Horren sakona ez den arren, emaritsua gertatzen ari da Etxabarriko Zelaian egin duten zuloa.
Duela hiru urte Jurramendiko mankomunitatearen herri-lan baten berri eman nuen. Joan den uztailean hondeamakina martxan jarri eta, patuaren kiribilak, XXI. mendeko ur horniduraren aferak iragana ekarri digu. Harritzekoa da gurean lurra zulatu eta harrizko egitura bat agertzea. Menturaz, arkeologiaren poligrafoak berriz ere harrituko gaitu. Harria nonahi, Arestiren herrian.
Gabrielek Gazi: geza: gozo poeman dio «euskara putzu sakon eta ilun bat zen». Eta testu hartan «euskara ura bezalakoa» dela gaztigatu zigun Arestik. Urak, putzuan, errekan edo itsasoan, badu gazitik, gezatik eta gozotik.
Hona udan bildutakoak.
Gazitik ekiten dio egunari Anbotoko Marik; Durangon diotenez, egunero Ibaizabalgo sardinak gosaltzen ditu.
Pamplonesa bandaren doinuek zuzentzen dute sanferminetako dianen anabasa. Gazte andanak, ongi hidrataturik egonagatik ere, dutxaren ur geza du amets. Melek badaki.
Aurten ere Bazterretxeko eiheraren iturriko ur gozoa dastatu dut Alozen. Ez dadila hondarrekoa izan.
Akaberarako, Ane Zubeldiari ebatsitako olerkia: «Errepikapenean bilatu nahian / epifania / pasatzen naiz leku beretatik / etengabe / etengabe / uraren temaz / nik ere ahultzen ditut harriak».