Iban Zaldua.

Goiz emankorra

2025eko abuztuaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Altxatu naizenerako etxeko sistema domotikoarekin konektatutako Nespressoak prest dauka, puntu doian, Stormio motako kafe luzea, %100 Arabica, justu behar nuena gaurkoa bezalako egun gogorrari aurre egiten hasteko.

Edaten amaitu bezain pronto, atezain automatikoak Eroskiko banatzailea iritsi dela abisatzen dit: poltsa biodegradagarriak zabaldu, eta hozkailuaren memoriak hipermerkatura igorri duen zerrendako produktu guztiak bertan daudela konprobatu dut, nahiz eta agian behar baino jogurt gehixeago dagoen, ez baitu kontuan hartu data iraungita dauzkatenak ere, gutxigatik bada behintzat, jaten ditudala. Zorionez, espero nuena baino irin poltsa bat gehiago dago, zeinarekin, hozkailuak bururatuko zitzaidala aurreikusi bezala, bizkotxoak egiteko erabili ahal izango baititut soberazko jogurt horiek.

Bozgorailuak piztu dira, hain justu Itoizen Hire bideak entzuteko irrikan nagoela ohartu naizelarik, eta Spotifyko zerrenda kanta huraxe barreiatzen hasi da etxe osotik; hurrengo kantarekin ere, Kate Bush-en Breathing, bete-betean asmatu du atzera.

Ordenagailu aurrean eseri orduko, sast, tekla bat bera ere ukitu aurretik, bertan agertu da BERRIArako artikulu hau.

Koma pare bat mugitu dut, baina testua hasieran bezala utzi dut azkenean. Izenburua aldatu diot, hori bai, Goiz emankorra ez baitzait gustatu: Algoritmoa gara ipini diot.

Bidali nahi izan dudanerako BERRIAko iritzi saileko mezu automatikoa iritsi zait, jaso dutela iragarriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.