Itzea Urkizu Arsuaga.

Itsasoa agortu

2025eko abuztuaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Gu ameriketa abittu, ta itsasoa aortu». Amonak zorte txarraz aritzeko erabiltzen zuen, eta transmisioak egin du bere magia, oraindik ere errepikatzen baitugu. Boiseko Jaialdiaren karietara etorri zait akordura, eta pentsatu dut berak ere herentziaz jaso zuela ozeanoz bestaldera partitzeak zuen transzendentziaren karga.

Bere aitak, gure birraitonak, buruan izan omen baitzuen ameriketara migratzea, bizimodu hobe baten bila. Sustrai egoskorxeagoak izango zituen birramonak, errezeloz erantzun omen baitzion ezetz; hori ez zela Anoetatik Berastegira lekualdatzea, handik ezin zela itzuli. Auskalo non zuen iturburua baten munduratzeko gogoak eta bestearen etxekotuta bizitzekoak; argi daukat nik bietako zein jaso dudan herentzian.

Batzuk munduko hiritar sentitzen dira, konfort eremutik ateratzea da haien konforta. Beste batzuk bertan gozo bizi gara gure sustrai egoskorrei lotuta. Urruntasuna ukitzeak asetzen ditu batzuk; urruntasuna irakurtzeak beste batzuk.

Jarrera horien atzean hautuak egon litezke, baina ezer ez da kasualitatea. Miopia edo tentsio altua izateko aukerak oinordetzan jasotzen ditugun moduan, arbasoen zauri emozionalak ere iristen omen baitira gure jarreretara. Alegia, denok hartzen ditugula bizkarrean ez dagozkigun motxilak.

Itsasoa egunez egun agortzen ari zaiela, bizitzen jarraitzeko bizitzatik ihesean bizi direnek, motxilan amonaren argazkia sartzeko betarik ere izan gabe, zer herentzia emozional utziko ote dute?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.