Askotan egiten dugu berba herri polit eta zatarrei buruz. Kanonak ezartzen du herri batzuk politak izatea eta beste batzuk, ostera, itsusiak. Baina zein da euskaldunok (ez bakarrik euskaldunok) edertasunaren inguruan dugun ideologia? Gure baserriak, gure mendiak, gure itsasoa, gure... Zelan eta nork elikatzen du ideologia hori? (Bai, zalantzarik baduzu, ideologia hutsa da, eraikia da eta turismoak sustatzen dituen balioekin zerikusia du).Â
Edertasun kanon horrek badu klasismotik. Zatarrak dira langileen eta pobreen herriak. Zatarrak dira Bilbon Otxarkoaga edo Santutxu, Baionako ZUP auzoa, Ezkerraldea eta Eibar. Politak dira Hondarribia, Areeta, Getaria eta Bidarte. Hori kanonaren arabera, jakina. Eta kanon horrek sarritan estaltzen du geure memoria eta historia, estaltzen du industria eta immigrazioa, estaltzen du pobrezia eta hirigintza kaotikoa. Eta estaltzen du itsustasun horrek askotan dakarren bizitasuna ere.Â
Zure herria kanonen arabera zatarra da? Bai? Eta zer? Agian, begirada aldatzeko unea heldu da. Esaten dugu gorputz guztiak direla politak, ezta? Ba, agian, esan dezakegu herri guztiak ere politak direla. Azken finean, galdera agian beste bat da: zelan egin bizigarriago bizi dugun hori? Zerk egiten du herri bat bizigarriago eta zerk ez? Eta, lasai, uda honen tankerakoak bizitzen jarraitzen badugu (eta oso litekeena da) galderak guztiz aldatuko zaizkigu. Eta posible denaren mugak eta zentzua zabalduko zaizkigu (edo ez).