Itzaletan irakurtzen ari da X, zipriztin hotsa soinu-banda duela. Begirada altxatu du eguzkitako betaurrekoen gainetik, eta han ikusi du Y, igerilekuaz bestalde. Jendetzaren artean, bera da definituta enfoka dezakeen figura bakarra; jainko greziar bat oporleku arruntean. Hiru segundotik gora iraun du gurutzatu duten begiradak. Lehenak.Â
Irakurtzen ari da Y ere. Aisiarako hautu hori egin izana nahikoa informazio baden arren, X-k ikusi nahi du zein den Y-k duen liburuaren azala. Bat-batean, datuak, datuak, datuak nahi ditu abuztuko goiz honetan sabelaldea dantzan jarri dion ezezagunari buruz.Â
Turistifikazioak leku berean jarri dituen bi pertsonaren arteko begirada-trukea izan liteke anekdota huts, edo distantziatik baino funtzionatuko ez duen sedukzio-joko. Oporren pizgarri, bestela, sekula haragiztatuko ez duten istorio erromantiko batean beren burua irudikatzeko.Â
Gure kontraesan eta gure arrakala, asko baikara telesail erromantikoen kontsumitzaile, erreparorik gabe; pentsatu nahi ez dugunean, batez ere. Baina, behinola eleberri arrosak emakumeen ahalduntzea kamuflatzeko trikimailu izan baziren ere, gurutzatu da nahikoa begirada generoa iraultzeko. Â
Beti idatziko baita maitasunaz, beti irakurriko. Kontua da nor ordezkatzen duten —eta nor ez— fikzio horiek, eta zer-nolako maitasunak kontatu beharko liratekeen gaur egun. Nik amestuko dut hurrengo udan igerileku ertzean irakurriko dudan euskarazko eleberri erromantikoarekin.