Amaiur Epher

Jasmin-lurrina

2025eko abuztuaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Jasmin-lurrina imita ezina omen da, edo hala zen behintzat XIX. eta XX. mendeak lotzen zituzten hamarkada haietan. Irudika ditzakegu garaiko Europako perfumegile guziak lehian, kimikariak jauzika, ekialdeko kolonietatik ebatsi lore-zukua kolonia bihurtu nahian.

Jean Etxepare mirikuaren perfume gogokoena ere bazen, «ez baitezpada hauta [zitzaiolako], usnatzetik ezin utzia; bainan hainbertze usain on baita gizonek batere lilirik gabeegiten dituztenak, guziz Alemanian, behinere ez baitira oraino heldu ahal izan jasmindelakoarenaren osatzera». Hots, artifiziala baino naturala nahiago duela diosku, aipuari bidenabar, gerla bezperako frantses nazionalismo urrina dariola...

Euskal nobelagile naturalistarik ez dugula-eta, apokrifoen idaztea (beren burua) proposatu zuten Volgako batelariek duela hogei bat urte. Halako asmoek ez bide zuten finantzaketarik lortu. Jurgi Kintana, beraz, balizko nobelagile galduaren bila abiatu zen (ikus Urre urdinaren lurrina). Hara non jasminaren aipamena Etxepareren eta Joris-Karl Huysmans-en obren arteko intertestualitatearen frogatzat daukan. Biek ala biek garaiko topiko hori aipatzen dute termino bertsuekin. Alta, ez datoz bat perfumea baloratzerakoan: bitalistak gogoko duena gorroto du dekadenteak.

Kintanak aurkitu ez duen originala, ez al digu adimen artifizialak eskainiko? Pentsatuko du garaiko auzia eguneratu nahiko lukeenak. Nago ez ote dudan lilien usaina nahiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.