«Kaixo, hemen eseri naiteke?», galdetu dut; beste biek, adeitsu, eroso jartzera gonbidatu naute, eroso jartzerik balego bezala. Josu eta Val direla esan didate, egiazko izenak diren ez dakidan arren.
Izotzaldia urtzeko —hitz egiteko modu bat da—, eguraldiaren gaiari ekin diot. «Zelako beroa... Hemen ere...?». Josuk berehala moztu dit. «Zer diozu baina! Kontua da uda betean gaudela. Beti egon dira uda batzuk besteak baino beroagoak, eta aurtengoa...». Valek ahotsa apaltzeko keinua egin dio, hormek belarriak izango balituzte bezala. Berehala ulertu dut krisi klimatikoaren negazionistak ez ezik, konspiranoikoak ere badirela.
Ez dute inolako arazorik izan hala dela aitortzeko. Josuk ExxonMobilek finantzatutako think tank baterako egin du lan, komunitate zientifikoan eszeptizismoa zabaltzeko giza jatorriko gas-isurien negutegi efektuari buruz. «Nire lana xumeagoa izan da», gehitu du Valek, xuxurlaka: «Zuzentzen nituen komunikabideetan berotze globala kontzeptua baztertu, eta klima aldaketa hobesten nuen, beti dena neutroagoa, eta urgentzia-murriztailea...». Eta Josu berriro hasi da, ozen, klima-zientzialarien kontra irainka, ahotsa jaisteko Valen erreguei gor.
Orduan bizpahiru demonio hurbildu dira gure zulora, eta sarde goriekin ziztatu gaituzte, gupidarik gabe. Protestatu dut, aieneka, nik ez dudala ezer esan, baina alferrik izan da.
Gezurretan aritzea ez dute ondo eramaten hemen, Zortzigarren Zirkuluan.