Dora Salazar dugu Maritxu eskultura lanaren egilea. Duela sei urte estatuaren aitzinean Urko Apaolazak eman zigun hitzaldiari kasu egitera, ur freskoa ekartzen zuen Uliako iturri batetik Donostiako alde zaharrera. Maritxu urketariak bazuen non aukeratu: bederatzi iturri omen daude Ulia aldean. Kutrallan, Argi Uran edo Lepazaindegiko iturrian betetzen ote zuen pegarra, hizlariak ez zeukan garbi. Bartolori galdetuko diogu, eta, hark arrastoan jartzen ez bagaitu, Ponsol kapelagilearen zerbitzuak kontratu behar.
Salazarren eskulturan Maritxuk harri bete otarre darama, eta oinarrian ageri den Maialen Lujanbioren bertsoak sua eta berreraikitzea aipatzen ditu. Oro ez da ura.
Juan Karlos Izagirrek mustu zuen artelana. Azken horren lanbideak Aldudera garamatza. Jean Etxepare Bidegorrik ez zuen iturria herriko plazaren erdira ekartzerik nahi, emaztekiek intimitatea galduko zutelakoan. Mirikuak Ithurri lekua kronikan agertzen duenez, berrehun urrats dira herri multzoaren eta iturriaren artean. Etxepareren aburuz, distantziak, berrehun urrats horiek emazteen ahalduntzea bermatzen zuten: «Hitz batez, gizonek kafe, ostatu edo merkatuan baitute beren bihotzeko jaidura ttipien ahala, hau iturrian dute atzematen emazteek. (...) Bego han, bere xokoan, gure urñoa, plazarat ekarri gabe!»
Egun maritxu eta bidegorri hitzek bestelako adierak ere badituzte. Nolanahi ere, zalantza bat geratu zait kolkoan, Maritxuren edo Etxepareren garaian iturria helmuga ala hasiera zen?