Basa dator ura, lar basa.
Heze usaina, etxean sartzean. Ezustekoa, sanferminen ondotik herrira sikatzera joan denarentzat. Uztailaren erdian, osabaren neurgailuaren arabera, Allingo Etxabarrin 42 litro bota zituen ordu laurden eskasean. Teilatuak ezin izan zuen emari osoa hustu eta urak bere bidea egin zuen. Bide apetatsuak izaten dira urak urraturikoak. Sabaian arrakala egin, altzari baten estrabea ubidetzat hartu eta beheko bi tiraderatan laketu zen ura, arropak eta liburuak blaituta.
Arrebak eta biok garbigailuaren martxari adi igaro dugu egun eta erdi. Bazen zer garbitu eta zer lehortu. Diogenesen armairua izan gabe, altzariak bazeukan gordea. Jakobak sinaturiko Bizi baratzea liburuaren aleak bi egun lehortzen eman ditu leihoaren hegian, agorraldi betean.
Arropen artean, Egunkaria Aurrera lelodun hiru tixerta, horietako bat Zakilixut eta guzti; kamiseta beltz bat, zeinak Sami Kultur Festibala izkiriaturik duen; jertse ez gutxi, eta perla bat: duela lau bat hamarkada amak jositako prakamotzak. Amak ez zituen praka horiek gomutan, alta bada, josten non ikasi zuen ez zaio atzendu. Lehenbizi Gauzan, izebarekin, eta ondoren Etxabarrin, ezkonahizpa Bittoriren laguntzaz. Solasak Bergarako Jazki dendan erositako soinekoa akordura ekarri dio; jantzi hura, birziklatu ondotik, egun poltsa ezin ramegantagoa bihurtu da, aldean du. Hori guzti hori ekarri digu urak.
Udako erauntsiak ez dira arrotzak gurean, baina gero eta maizago gertatuko omen dira.
Basa dator ura, lar basa.