Leire Zorrakin

Zahartzea

2025eko abuztuaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela gutxi Asturiasen ibili nintzen asteburu-pasa. Luzaroan gogoratuko dut alboko etxeko agurearen irudia, dementzia prozesu batean murgilduta, lorategian eserita, begirada noraezean.

Unibertsitateko irakasle batek behin oroitarazi zigun zahartzaroa jaiotzen garenetik hasten den prozesu bat dela, eta, bistakoa bada ere, aitortzen dut ordura arte ez nuela ikuspuntu hori izan. Denbora guretik igarotzen da ibaiak mendia ferekatzen duen tankeran.

Gure gizarteak ikara dio gorputzaren aldaketari, ile urdinei, zimurrei, bizi-aroen iragateari... Buruak ere bere hondamenak jasan ditzake eta gaitasunak lehengo berak ez direla onartzea ez da samurra. Halere, adinak jakinduria dakar, suertatutako bizipenen ondorio hutsa direnak.

Bizitzan pertsona eta leku mordoa ezagutzen dugu, ezagutzaz zein emozioz josten gaituzte, aurrera egin ahala ibaiak gero eta emari handiagoa bereganatzen duen bezala. Club del Riok Xoel Lopezekin batera abesten duten Montaña kantan bezala, «Gota a gota fue sumando, ¿Y por qué será? ¿Será por gravedad?». Denboraren grabitatea, gorputzean aztarna uzten duena, mundu honetan egotea ahalbidetzen digun ehun-sorta. Pixkanaka kostaldera hurbiltzen da, ingurukoek edan dezaten («Hasta los pies de la montaña, donde el pueblo bebe y se baña»), amaierara arte, ur goxoak itsasoarekin bat egin arte («Lo que empezó en la montaña se fundirá con el mar»).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.