andoni egana
PLAZATIK

Elegantziaz

2015eko urriaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Badira maiz erabili arren definitzen errazak ez diren kontzeptuak. Berezkoa, xarma, glamourra, dotoretasuna, klasea… Auskalo non irakurri nuen elegantziari buruzko definizio bat itsatsia geratu zitzaidana. Elegantea omen da jende arte batera inor ohartu gabe iritsi eta, alde egitean, falta dela guztiak konturatzen diren pertsona hura.

Elegantziarena Yolanda Barcina anderea burutan dudala etorri zait ustekabean. Taxuzko numero gutxi dituzten zirku txarrak nola, halaxe agurtu zen, behin eta berriz, banoa eta agur, agur eta banoa, adio eta adiorik ez, adiorik ez eta adio, nafar agintaria. Bere lehengo bizimodura itzuliko omen zen, bizibide ere lehengoa, xume. Denbora asko baino lehen jakin dugu Telefonicaren ez dakit zein enpresatan ez dakit zein postu eskuratu duela. Pare bat hilabete dira, politikan sartu zen ate beretik irtengo zela, ez atzeko atetik eta ez ate birakarietatik, bere ahotik entzun genuela.

Ate birakariena aginte publikotik enpresa pribatu handietako administrazio kontseiluetarako jauzia irudikatzeko esamoldea da eta maizko gertatzen da. Batean zeudela bestekoekin harremana izan, lagundu, mesedeak egin eta odolkiak ordainetan jasotzeko modu bat, gorena, nahiz baden txerrikirik jokaera hobeto definituko lukeenik. Legala denean ere ez dirudi etikoa. Eta badira legeak, baita Nafarroan ere, jauzi horiek erregulatzen dituztenak. Eta bada nonbait Europako Kontseiluaren txosten bat Espainiari horrelako praktikek politikarienganako konfiantza murrizten dutela ohartarazten diona. Baina goi-mailako politikariek behin eta berriz egiten dituzte horrelakoak.

Lagun artean gai hau aipatzean «guztiok egingo genuke» horrek ateratzen nau nire senetik. Badago uste zabaldua giza-emakumeon ahuleziak guztiok neurri berean pairatzen ditugula dioena. Eta ez nator bat. Ahuleziaren batzuk bai akaso, baina ez den-denak. Badakit, hain goi-kargu ez den askok egin duela, bakoitzak ahal zuen neurrian, jokaldi bera. Badakit ez dela eskuinekoen kontua soilik, ezkerrekoek ere ate-birakariak ez baina izaten dituztela euren lobby, hobi, hodi edo deitu nahi duzuen bezala, publikotik pribaturako jauzian lur-hartzen lagungarri. Baina ezagutzen ditut egiazko arriskua hartu eta elegantziaz urruntzen asmatu dutenak ere. Ez gara berdinak. Ez genuke guztiok egingo. Barra-aldietan mostradore ertzean askotan sortzen den eztabaida da, gehienetan beti klub berean jokatu eta diru askoz gehiagoren truke klub handiago batera doazen futbolarien inguruan sortzen dena. «Hi ere joango hintzake beste lantegi batera hire oraingo soldata baino dexentez handiagoa eskainiz gero!». Horrelakoei baietz eta ezetz erantzuten diet. Funtsezkoena ez dutela aintzat hartzen. Hilean mila euro irabaztetik mila eta bostehun irabaztera mundua dagoela, elikadura hobea, berogailua martxan jartzea, arropatan kutiziaren bat egin ahal izatea… Urtean milioi bat irabaztetik hiru milioi irabaztera ez dagoela alderik, edo ez behintzat hilean mila euro irabaztetik mila eta bostehun irabaztera dagoen adinakoa. Matematikatan tematuta hori ulertu nahi ez duena arriskutsu jotzen dut jendartearentzat, elegantzia gutxikoa.

Arantza Quiroga anderearena hobeki egokitzen zaio arestian aipaturiko elegantziarenari. Politikan sarrera inor asko ohartu gabe egin zuen segur aski; irteera orduan, ordea, falta dela guztiok ohartu gara. Niri ere, elegante eta ausarta iruditu zitzaidan jendaurreko azken agerraldian. Koherentetzat jo nuen edukian; emozioetan egiazko. Gero, pertsonak xelebreak garela pentsatu nuen eta elegantzia ere nahieran tolestatzen dugula, betiere etxerako. Erreferentzia ezinbesteko, berriz ere futbolean oin eginez, Karpin edo Raul Garcia sindrometzat izenda genezake joera. Geuretakoak direnean dira lider, saiatu, gogor eta zailduak. Beste talde batean jokatzen dutelarik zipotz, mainati, zerri eta zikinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.