Elkargoa, urratsez urrats

Hur Gorostiaga.
2017ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Frantziako Iraultzak berdintasunaren izenean Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako Biltzarrak desegin zituenik, Ipar Euskal Herriak ukan ez duen ezagupen instituzionala eskuratu berri dugu. Azken 40 urteetan eraman lanari esker, Ipar Euskal Herriarendako berezko instituzioaren galdeak geroz eta sostengu gehiago lortu du, Euskal Elkargoa sortzeraino.

Azkenean, espero zitekeenaren gutienekoa eskuratu da. Baina lortu da. Ipar Euskal Herriko herritarrak bilduko gaituen lurzorua dugu. Behingoz, euskal hautetsiek beren artean erabakitzen ahalko dute zer nahi duten garraio politikan, etxebizitza, hirigintza, ingurumen, garapen ekonomiko, linguistiko eta kulturalean, Paue eta Bordeleren baimenik behar izan gabe.

Lurzorua lortu dugu, eta garrantzitsuena, Ipar Euskal Herriko lurraldearen mugetan. Ikuspuntu ekonomiko batetik eta hirigintza antolaketari so eginez,Tarnose hiri landesa ere lurraldean sartzen saiatu dira Euskal Elkargoaren kontrakoak, baina ez dute lortu. Poztekoa da lehen aldiz Euskal Herria instituzionalki irudikatzen hasten ahal garelako. Aitzina urratsa da, dudarik gabe.

Lurzorua eskuraturik, etxea eraikitzea dagokigu orain. Eta euskarari dagokionez, dena dago egiteko. Iragan larunbatean onartu zen hizkuntza politikaren eskumena hartzea. Orain formalki gauzatu beharra dago, eta horretarako 158 herriko etxeek hizkuntza politikaren eskumena hartzea bozkatu beharko dute. Herriko etxeen erdiek baino gehiagok, biztanleen erdiak baino gehiago ordezkatzen dituztenek, alde bozkatu beharko dute, Elkargoaren eskumena hartzea Estatuak baimendu dezan.

Eskumena lorturik, edukiz bete beharko dugu. Hizkuntza politika definitu beharko da, eta politika horren ardura zein hautetsik eskuratuko duen ikusteko dago, bere inguruan zer zerbitzu antolatuko den, zer aurrekontu izanen duen eta euskalgintzarekin zer lankidetza izanen duen. Beste etapa garrantzitsua Euskal Elkargoaren estatutuak finkatzeko unean izanen da, estatutuak izanen baitira eraikiko diren etxearen zimendua. Euskara bertako hizkuntza dela adierazi beharko dute estatutuek, eta gure hizkuntzari ofizialtasuna aitortu.

Urratsez urrats eraiki beharko dugu etxea. «Euskararen promozioa eta erabilpena instituzioaren baitan bultzatzea, erabiltzaileekin, lurraldeko eragileekin eta herritarrekin», «herriarteko zerbitzu publikoen obratzean», «udalen ibilmoldean», dio Euskal Elkargoko batzarrak onartu testuak. «Herritarrekiko sentsibilizazio eta promozio ekimenak», eta «Nafarroa eta Euskadirekiko kooperazioa» ere izanen ditu bide orri. Badugu lan gauzatu dadin. Etxe sendoa beharko dugu gainera, Parisko haize bortitzak ez dezan astindu, frantsesa hizkuntza bakartzat duen Frantses legearen baitan aritu beharko baitugu. Horretan ere ausardia agertu beharko dute hautetsiek, eta herritarrok ez dugu lokartu beharko, besteak beste, Ikastolen eraikuntzen finantzaketan 1850eko Falloux legeak ezartzen dituen debekuei aitzin egiteko. Ez baita deus irabazia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.