andoni egana
PLAZATIK

Esaldiak

2016ko ekainaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pasaiako herritik dator notizia...», izan daiteke joan den asteko gorabeherak modu labur eta bakarrera ekar ditzakeen esaldia. Ez dakit zer saltsa eta zenbaterainokoa dagoen Pasaiako portuaren afera horren baitan, baina ez du usain onegirik. Gainkostu hitzari beti dario kiratsa. Hamabost kosta behar zuena hogeitik gora badoa eta hogeita bostetik behera bukatuko ez badute, ez da matematika aditua izan beharrik hor zerbait gaizki egin dutela jabetzeko. Izan euroak edo izan milioi euroak. Guardia Zibila kartoizko kaxak eramaten ikustea ere ez da lasaigarri. Horrelakoak ikusten ohituak geunden, baina hemen, Euskal Herrian, bestelakoak izaten ziren ia beti arrazoiak. Espainian azkenaldian maiz samar gertatzen diren operazio horietakoen itxura zuen joan zen asteartekoak. Ulertzekoa. Izan ere, Espainian burutu zuten.

Lehen ere inoiz aipatu izan dut: itsasertz oro da Espainia. Estatuek muga izaera ematen diote itsasertzari, militarren logikan itsasotik beti eraso baitezake arerioak. Irri-murritxa sor dezake detaileak ikuspegiaren zaharkituagatik bada ere, baina kasu honetan ez zaie gaizki etorriko bateko eta besteko agintariei. Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Espainiako Estatuko Portuen Erakunde Publikoa, Eusko Jaurlaritza, Portuko Presidentea, Portuko Zuzendaria, Obren Zuzendaria... letra larri gehitxo, eta erantzukizuna zinez norena den jakiteko argibide gutxi.

«Ni naiz erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea», izan daiteke joan den asteko berria ilustratu dezakeen beste esaldietariko bat. Hala gogorarazi zigun Anjel Lertxundik Xabier Lete zenaren liburutegia eta artxibo pertsonala Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku geratu berri den honetan. Ederra da galdu-gordean zeudenak orain gordean soilik egotea. Eta gorde egin behar da, ez ezkutatzeko, erakusteko baizik. Garai bateko dokumentazio zentroen eta egungoen arteko alderik handiena horretan datza: behiala ezkutatzeko gordetzen zen. Orain erakusteko gorde behar litzateke. Sormen prozesuaren berri izatea, ideia ñimiño batetik kondentsazio poetikora nola heltzen den ikertzea, kaligrafia, garai bateko txartelen estiloa aztertzea, ze liburu pasartetako ze hitz edo ideia azpimarratu zuen ikustea, orri-orruatako esku-ohartxoak, gutun-hizketetako estiloa eta zoko-mokoak... mila bidezidor, guztiak ere tentagarri lanari ekin nahi dionarenzat. Ondarea esku publikoetan egoteak publikoaren esku egotea dakarrenean guztiok sentitzen gara herriago. Botere publikoek baina, tira dezatela norabide bakarrean ez bada ere, alde baterantz behintzat. Askotarikoak gara herritarrak eta gutariko bakoitzak ere baditu mila aurpegi. Ameto. Politikek ordea, hobetsi egin behar lituzkete joera batzuk, eta besteak ipoxtu. Imajinatzen duzue Xabier Lete egungo gure telebista publikoaren parrilla freskoko programei begira?.

«Nik ez dut amets handirik...» ere izan daiteke esaldi esanguratsua astean gertatuaren berri emateko garaian. Espainiako hauteskundeetara aurkeztu diren lau presidentegairen arteko telebista eztabaidaz ari naiz. Mamia ez zen erakargarri, mila aldiz entzunak eta aginduak errepikatu baino ez baitzituzten egingo. Begirada beste norabait zuzentzea erabaki nuen. Eta deskubritu nuen, kontu hauetan ere norbere kulturak izugarri baldintzatzen duela edonor. Ezker-eskuin kokapenaz ari naiz. Begira egoteko ezkerrekoa da lekurik onena guretzat. Aritzeko eskuinekoa. Izan daiteke bizitzaren metafora ere. Baina egingo nuke, ezker-eskuin irakurri eta idazten dugunok ezkerretara dagoenari eskaintzen diogula arretarik handiena eta arreta hori gutxituz joaten dela, eskuinera goazen ahala. Hori ongi ikasia edukiko dute nolanahi ere, politikarien irudi arduradunek. Gainerantzean, ez notizirik, ez jenio biziko zezenik, ez iturri garbirik, ez ametsik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.