Pasa den astean —ekaineko lehena— barra-barra agertu nintzen jendaurrera. Asteazkenean Bilboko Zirika-n egon ginen Ibai Atutxa eta biok McKenzie Wark-en Alderantzira zamalka aurkezten; biharamunean nire azken liburuaren gaztelaniazko itzulpenaz jardun nintzen Bartzelonako La Raposa-n Marta Echaves filosofo eta historialarekin, eta ostiralean, azkenik, Bilbora itzuli ginen Marta eta biok, bere Químicas piedades saiakera bikainaz aritzera —Antin, oraingoan—. Larunbat goizean leher eginda nengoen, noski. Baltsamu azkengabea izan zen etxekoekin kartetan jardutea eta señorak bertsotan entzutea: garen horretan —beste ezer izan gabe ere— hartzen gaituztenen baltsamua. Sosegu iragankorra, halere.
Ekaineko bigarren astean berriro agertu bainaiz jendaurrera, eta lanaren edo erantzukizunaren parte da neurri batean, baina publikotasunaren eta bidaien aje betean topatu nau artikulu hau entregatzeko egunak. Autobusetik ikusi ditut neure oinekin zapaltzea gustatzen zaidan bide-bazter errural-urbanoak. Eta Martak nire aurkezpenerako proposatu zidan gaietako batekin akordatu naiz orduan. Ez naiz haren jario zehatz-sakona hitzez hitz erreproduzitzeko gai, baina ikusgaitasuna jarri zuen mahai gainean. Esan zidan, nire memoriaren arabera betiere, noraino gerta dakiguke ustez baliagarri ikusgaitasuna?; hau galdetzen dizut zeren eta niri azkenaldian asko ari zait interesatzen, ikusgaitasunaren ordez, opakutasuna lantzea, ulertzeko zailtasuna bilatzea —idazketaz eta disidentziaz ari ginen—.
Hona Martaren galderak piztu zizkidan oihartzun batzuk.

Claire Atherton zinema-muntatzailearen oihartzuna, bere 40 urteko ibilbidean gertatu diren aldaketa teknikoen harira: «Digitalizazioarekin lotuta, aldaketa nabarmen bat gertatu da grabatzeko bitartekoetan, eta bai irudian zein soinuan, dena harrapatu nahi da. Pixelak biderkatu dira. HD irudi batean gauzak zehatzago ikusten ditugu geure begiekin baino. Ez dut esan nahi lehen gauzak hobeak zirenik, edo okerragoak: aurrera egin behar da. Baina adi ibili behar da, hala ere. Dena esan beharraren joera bat dago, baina arteak, hain zuzen, beste egitate hau errespetatu behar du: dena ezin dela esan [Ezin da] dena erakutsi, dena ulertarazi. Horrekin lotuta, zinegileei gero eta gehiago eskatzen zaie zer egingo duten jakin dezaten, gauzak zehatz-mehatz nola egingo dituzten aurrez jakin dezaten, eta hori ere halako zehaztasun- eta kontrol-prozesu erabatekoa da. Eta ez da errespetatzen misterioa, gabezia: azken batean, horrek sortzen du mugimendua. Ez naiz hau dioen lehena: gabeziak eginarazten digu aurrera. Eta gabezia ezabatzen saiatzen ari dira. Badirudi ez dela errespetatzen existentziaren ordenari datxekion zerbait, misterioaren ordenari dagokiona.»
María Reimondez idazle eta itzultzailearen oihartzuna, Nós proiektuari buruz ari zela [Galiziako Gobernuaren proiektu horren bidez, jendeari eskatu zaio bere ahotsa grabatzeko galegoz hitz egiten, adimen artifiziala elikatu ahal izateko]: «Hizkuntza ez-hegemonikoen kasuan, kontuz ibili behar dugu aurrerabideari buruzko ideiekin. […] Aurrerabidearen ikuspegi bat saltzen digute, eta kasu zehatz honetan oso makurra da, hizkuntzak zeharkatzen duelako, eta gurean hizkuntza da identitate bat izatea ahalbidetzen diguna, eta baita geure euskarria ere, komunitate gisa. Eta esaten dizute: nola ez da ba galegoa eskura egongo tresna horietan guztietan? Zure aurrerabidearen neurgailu moduko bat da. Aitzakia hori baliatzen dute, jendearen ekarpenak behar dituztelako makinak galegoz ere egin dezan; baina nik, egia esan, ez ote dudan nahiago makinak ni ez ulertzea. Nire azken obran, Izaki osoen trilogia-n, ustez hizkuntza bakarra existitzen da, baina beste hizkuntzek lurpean iraun dute, eta hortxe datza iraultza: fikziozko etorkizun distopikoan, makinek ezin ulertzea eta eskuz idaztea bilakatzen dira babesleku».
Eta batez ere Legacy Russell pentsalari eta arte-kritikariaren oihartzuna, Glitch manifestua-n hau aldarrikatzen baitu: «Glitch-ak enkriptatu egiten du. Enkriptatuta gaude. Gure kodearen forma ez da erraz irakurtzekoa. Besteen tentuzko irakurketa, gure ustez, konfiantza-, intimitate-, kidetza- eta ongietorri-ariketa bat da. Uko egiten diogu irakurgarritasuna eta gizatasuna parekatzen dituen aliantza horri. Gure gorputz irakurgaitzek premiazko eten bat osatzen dute. Gure gorputz irakurgaitzen ondorioz ikusezin eta hiper-ikusgai bihur gaitezke aldi berean. Horren aurrean, pasabide seguruak eraiki nahi ditugu on-line eta off-line, bidaiatzeko, konspiratzeko eta lankidetzan jarduteko».
Udaren ostean Axpi eta biok ez garenez hileroko hitzordu honetara itzuliko, modu emankor eta estrategikoan aktibatu nahi nuke agertu-desagertzearen —erakutsi-ezkutatzearen, azaldu-gordetzearen— arteko tentsioa, ez bata ez bestea —ez tarteko guztiak—, ez eta nire burua ere, xaloki ulertzetik urrun, eta eskerrak emanez txoko hau eskaini digutenoi + irakurri gaituzuenoi.
Beste bat arte.