Bakerik gabeko jendea: izenburu hori jarri diote Sofía Balbuena, Daniel Saldaña París eta Sabina Urraca idazleen arteko gutun trukea biltzen duen liburuari —Almadia argitaletxearen Elkarrizketak bildumako laugarren liburuxka da—. Izenburu bikaina iruditu zitzaidan: ezin hobeto biltzen du aldarte lauso bezain erreal bat, konpartitua, garaiari lotua, esan-indarra zertxobait higatzeraino erabiltzen ditugun beste hitz batzuen —antsietatea— baliokidea. Bakerik gabeko jende sentitzen naiz etxean bakarrik eta ordenagailuaren aurrean pasatzen ditudan goizeko ordu luzeetan; bakerik gabeko, ohera azeleratuta sartzen naizenean.
Bakerik ez horrek badu ñabardura zehatz bat Balbuena, Saldaña eta Urracaren kasuan. Hiru idazleak elkarrizketan biltzeko arrazoia, liburuaren atzealdean dioenez, honako galdera hauei erantzutea da-eta: «Nola irristatzen dira sormen-prozesura substantzien kontsumoa, larritasuna eta autosuntsipena? Eta nola laguntzen digu elkarrizketak —idatziz nola ahoz— unerik gogorrenak jasaten?». Balbuenak alkoholaz hitz egiten du, Saldañak era askotako substantziez —jatorri naturalekoak zein kimikoak—, eta Urracak, kimikaz ere jardun arren, dermatofagia aipatzen du autosuntsipen nagusi gisa. Edariarekiko, pilula/marra/onddoekiko zein hatz-bizarrekiko grinak, nolanahi ere, ez dira bakerik ezaren sorburua, horri erantzuteko —besteak beste— saiatzen ditugun estrategiak baizik.

Nik ere baditut nire estrategiak, baina, faktore handi batzuk tarteko, eta ez bereziki nire merituz, ez dira adikziotzat hartu, ez eta beste ezein modutan diagnostikatu ere.
Konpultsiboki egiten dudan zerbaiten deskribapen zorrotza aurkitu dut, adibidez, Mayte Gómez Molinaren Ahoa gariz betea eleberrian. Liburuaren aurkezpen labur modura, hona Pol Guaschek kontrazalean dioena. «Sorkuntza xumearen eta arrakasta bilakatu den aitortza sozialaren artean, galera bat gertatzen da, dolu bat. Horixe kontatzen digu Mayte Gómez Molinak trebeki eta arreta kirurgikoz: goresmena arriskutsua dela, garaipenak baduela ifrentzurik, eta zoriak beti dakarrela kalteren bat. Izugarri gustatu zait: inork ez bezala islatzen ditu kultur eta arte industriaren zirrikituak, bai eta podiumera inork espero gabe heldu denaren begirada harritu eta durduzatua ere».
Nobelako protagonista —Anna— margolaria da. Arte Ederretako ikasketak hasi eta utzi zituen; zinema-ikasketak gero. Hogeita hamar urteen bueltan, bere lehen pasioari heldu dio berriro: ez du ahalegintzeke etsi nahi. Eta hara non, bere hiriko erakusketa kolektibo batean daukan pintura baten eskutik, ezusteko aukera bat iritsi zaion: bakarkako erakusketa bat egiteko proposatu dio Maria Manzoni galerista sonatuak. Galerista sonatuaren laguntzaileak azaldu dizkio kontratuaren xehetasunak Syra izan zitekeen kafetegi gentrifikatzaile-turistifikatzaile batean: hamabost margolan aurkeztu beharko ditu ekainerako. Urria da, eta Annak hiru baino ez dauzka prest. Zortzi hilabetetan dozena bat pintura egin beharko dituela dio, beraz, ekuazioak. Baina egunak badoaz, eta Annak ez du bakerik. Estudioan pasatzen ditu orduak, behin eta berriz hartzen du pintzela, baina alferrik.
Gurari itxuraz kontraesankor horiek opa dizkiot geure buruari: kale vs bale —autoboikota vs autoesplotazioa— dikotomiatik harago, bestelako bideak topa ditzakegulakoan
Otsailean, galeristaren laguntzaileak emaitzak eskatzen dizkio email bidez, eta Annaren eskumuturra, azkenean, desblokeatu egiten da. Pintura bat entregatzen du, eta galeriakoei izugarri gustatzen zaie. Puntu horretara eraman duen joera —adikzio ez-ofiziala— deskribatzen du orduan:
«Dagozkion zereginak betetzera daraman joera patologiko bat du, eta horrexen fruitua da margolana, ez besterik. Baliteke bere bizitzan egin duen oro izatea joera horren fruitua. Horixe esan nahi lioke Manzoniri: ez duela zertan arduratu, inoiz. Nahiz eta ozta iritsi, nahiz eta azken unean iritsi, nahiz eta bere buruari ezartzen dion presioa tarteko delirio piromano bat izan, ez dio kale egingo, nahiago baitu bestearen eskaerari erantzun, inork bera abandonatzeko arriskua hartu baino. […] Inork ezer eskatzen dionean, malguki bat pizten zaio barruan, eta eskaintza bat egiten dio besteari. Eta, horregatik, Manzoniri esan nahi lioke ez kezkatzeko: ez dio huts egingo. Ez berari, ezta beste inori ere. Soilik, behin eta berriro, bere buruari».
(Kinka horrexetan irudika nazakezue entrega-epeen aurrean, istant batez ere outfit-ak erakusten ditudan arren).
Liburu osoa pasatu nuen Annari erreguka, gurari itxuraz kontraesankorrak konjuratuz: mesedez ez zezala kale egin —ez zitzala 0 pintura aurkeztu eta kontratua hautsi—; mesedez ez zezala bale egin —ez zedila bere buruaren gainetik martimuilo baten moduan igaro enkargua bete ahal izateko—. Liburuak, zorionez, tarteko zerbait eskaini zidan —ez dizuet esango zer, nahikoa spoiler egin dizuet jada—.
Gurari itxuraz kontraesankor horiek opa dizkiot geure buruari: kale vs bale —autoboikota vs autoesplotazioa— dikotomiatik harago, bestelako bideak topa ditzakegulakoan. Azken batean, gozagarri —eta bake-iturri— gertatzen zitzaigulako hasi ginen behiala marrazten kantuan dantzan idazten.