Solvej Balle idazle daniarraren Denboraren bolumena heptalogia irakurtzen hasi naiz: lehen bi liburuak irakurri ditut, gaztelaniazko itzulpenean —horiexek zeuzkaten auzoko liburutegian—.
Instagrameko urte-amaierako liburu kuttunen reel-etan —edo urte berrirako irakurri nahi direnen reel-etan, edo liburu-dendako langileen faboritoen reel-etan—, behin eta berriro agertzen zitzaidan izena, egoki ahoskatzen ez dakizkidan Solvej eta Balle deiturak, eta jakin-mina piztu niri. Bilaketa azkar bat: fenomeno bilakatu omen da. Karl Ove Knausgard-en gorespena kontrazalean, Rachel Cusk-ena ere bai. (Bata kale bestea bale). Ali Smith-ena. Tira, kasu horretan… Orain, telesailen hurrengo kapituluari nola, hala nagokio zain hirugarrenaren itzulpenari: antsiaz.
Abiapuntu soila du liburu-sortak; zientzia-fikziozko beste film batzuetatik ezaguna egin dakizueke agian: protagonista, Tara Selter, goiz arrunt batez esnatu da eta hara non konturatu den denbora geratu egin dela, bezperako egun bera dela berriro ere. Azaroaren 18a.
Pelikuletan, normalean, protagonistak eguna errepikatu behar du harik eta gaizki egin duena egiteari uzten dion arte, edo gaizki egin duen horrek ekar ditzakeen ondorioez jabetzen den arte, eta in extremis bere bizitza dagokion bezala berbideratzen duen arte. Eta hala bazan, biharamunean biharamun egiazko bat, eta amaiera zoriontsu normatiboa, beste edozein filmetan bezala. Baina Balleren proiektu literarioak zazpi liburu ditu, eta liburutik liburura loditzenago doaz: bi mila orrialde kalkula daitezke erraz. Eutsi behar zaio horri! Ez dirudi Groundhog Day-n bezain aise ebatziko denik kontua.

Oroz gain, Balleren egitasmoan ezer nabarmentzekotan, egoera «gertaezin» baina sinple bat hartu eta egoera hori erabateko seriotasun eta zehaztasunez —goi eta behe— aztertzeko talentua eta ekina nabarmenduko nituzke: errotik irten den denbora hartu eta alderik alde miatzen du, azpikoz gora jartzen, inplikazio emozional zein material guztiak xehe-xehe egiten.
Zientzia-fikzioak eskaintzen dizkigun oparietako bat izaten da, hain zuzen, egoera «gertaezinak» edo artean gertatu ez direnak erakutsiz, gaur bizi ditugunak beste argi baten pean ikusteko aukera. Denboraren bolumena-k horixe eman dit, hainbat arlotan gainera. Ballek, liburu bakoitzean, muturreraino eramaten du —hala iruditzen zait— Selterrek denbora-begiztan hondoa jo gabe irauteko darabilen dena delako estrategia —dena delako fantasia ere esan liteke—, harik eta pitzatzen den arte. Azkenean beti pitzatzen da eta.
Zientzia-fikzioak eskaintzen dizkigun oparietako bat izaten da, hain zuzen, egoera «gertaezinak» edo artean gertatu ez direnak erakutsiz, gaur bizi ditugunak beste argi baten pean ikusteko aukera
Lehenengo liburuan, esaterako, Selterren estrategia da edonoren estrategia izan zitekeena: maite dituenengana jotzea. Senarrarengana lehenik. Thomas. Berrehun aldiz —berrehun egunez— esplikatzen dio zer gertatu den. Berrehun aldiz —berrehun egunez— babesa aurkitzen du harengan, baina fantasia, azkenean, hautsi egiten da: Tarak ezin du Thomas berarekin eraman azaroaren 18 eternalki errepikakorrean barrena. Denboraren bolumenak banatu ditu. Berrehun egunen arrastoak.
Biharamuna, edonola ere, azaroaren 18a izango da berriro, 798. azaroaren 18a akaso, eta estrategia —edo fantasia— berriak ekarriko ditu. Ez al dirudi desiraren metafora bat?
*
Kontzertuan ikusi dut, lehen aldiz ez dakit noiztik. Gurutzatu garenean elkar agurtu dugu, baina, orokorrean, ebitatu egin dut. Ez ezergatik bereziki —ebitatu ezean emozioak gaina hartuko lidakeelako, adibidez— baizik eta, besterik gabe, guztia errazagoa delako bakoitza bere aldetik bagabiltza.
(Berekiko enkontruak praktikotasunaren terminoetan pentsatzera iritsiko nintzenik ez zitzaidan berehala bururatuko. Gauzak aspaldi aldatu ziren, baina ez nengoen ohartua zenbateraino).
Denboraren bolumenak banatu gaitu gu ere. Orain, topo egiten dugunean, batzuetan iruditzen zait ezezagun erabatekoak garela —eta, zentzu batean, hala da—, baina beste batzuetan azaroaren 18a da berriz ere
Beti bezain ezinezkoa egin zait, dena den, bere aurpegiera irakurtzea.
Begietara begiratu dit, eta zerbait esan nahi zidala iruditu zait, beti iruditzen zaidan bezala. Elkar ezagutu genuenean ere halaxe izan zen; horregatik hurbildu nintzaion. Har horrek tiratuta.
(Fantasia eta errealitatea —irudipena eta gertaera— marapilo askaezin batean nahasteko joera halako bat, beti).
Elkarrekin egon ginen tartean ez zitzaidan zalantza argitu: zer esan nahi zidan, ezer esan nahi ote zidan. Agian ez nuen piperrik ere ulertu hasieratik; agian ez zidan ezer esan nahi; agian begiratu nionean nire begiradari eutsi zion, besterik gabe. Hori zatekeen dena.
Baina nik bai esan nahi nizkion gauzak. Eta hori zen, eta izan da, dena: berak niri zerbait esan nahi izatearen fantasia eta nik berari esan nionaren errealitatea.
Denboraren bolumenak banatu gaitu gu ere. Orain, topo egiten dugunean, batzuetan iruditzen zait ezezagun erabatekoak garela —eta, zentzu batean, hala da—, baina beste batzuetan azaroaren 18a da berriz ere, eta, halakoetan, eginahalak egiten ditut nire irudipenen harra eta bere ekintzen egitatea —fantasia eta errealitatea— ahal bezain argi bereizteko.