Danele Sarriugarte

Enbor beretik

2026ko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hélène Giannecchini-ren Un désir démesuré d’amitié [Laguntasun-desira itzelezko bat], hasiera batean eta izenburuari erreparatuta, adiskidetasunari buruzko liburu bat da, baina autoreak, sexu-disidentziaren esperientziatik, kontzeptu horren adiera zabalago bat dakar: bere planteamenduan, lagunak orobat dira —edo izan daitezke— norberak hautatutako senide. Aldi berean, lesbiana politizatu gisa, Giannecchinik mugimendu eta borroka batzuen genealogian kokatzen du bere burua.  

Ez dira gai berriak, eta, egia esango dizuet, irakurtzen hasi eta gutxira, liburuan ez nuela jada ez nekienik topatuko pentsatu nuen —handiustetxoa bera—. Herentziari eta belaunaldiarteko harremanei buruzko kapitulura iritsi nintzenean, ordea. 

Apirilaren 10ean hauxe idatzi nuen nire oharretan: 

«Giannecchiniren liburuari buruz ez dut askorik esan hemen baina zenbait ideia asko gustatu zaizkit, eta horietako bat da aurreko belaunaldiekiko distantzia eta gerturatu nahia. Aurreko belaunaldien minak eta zauriak, eta nola harremantzen diren horietatik abiatuta gurekin. Autoreak maitale baten bidez bizi du hori; niri, aldeak alde, berehala etorri zait burura X». 

Giannecchinik aurreko belaunaldiaren zauriak aipatzen dituenean zauri konkretu batzuez ari da. 

«Historia bat jaso dugu oinordetzan: borroka eta sufrimendua, elkartasuna eta dolua, ekintza eta mina, konpromisoa. Nola komunikatu hori guztia geure artean?»

«Laurogeiko hamarkadan jaio ginen pertsona gay, lesbiana, bi edo transgenerook ez dugu beti jakiten nola jokatu behar dugun hiesaren epidemiaren harira […]. Nire belaunaldia, izan ere, hainbat kritikaren bidegurutzean kokatzen da: batetik, axolagabezia leporatzen zaigu; bestetik, geuk bizi izan ez dugun historia batez jabetzea. 'Ez dakizu nola izan zen hura, ez zeunden han', esaten zidan nire kideak, eta nik ezin nion kontrakorik esan, egia baitzen: ez nengoen han. Beraz, posizio zail bati eutsi behar nion: isiltasuna eten behar nuen, baina lekukoei hitza eman; mintzatu egin behar nintzen, eta isildu»

Beste zauri bat: haientzat baino «errazagoa» izan dela guretzat. Aurrekoarekin lotuta egon daitekeen arren, Giannechinnik ez du esplizituki aipatzen. Nik bai, nik esplizituki aipatu nuen egunkari honetan bertan, udako narrazio batean: «Ez dago harro hartu dituen zeharbideez, eta are eta gutxiago harrotzen da pentsatzen duenean batzuek silaba guztiak argi ahoskatuz aldarrikatu zutela les-bi-a-nak zirela, halakoengatik jendea kaleratzen zuten garaietan —eta ez hori bakarrik—, eta orobat pentsatzen duenean haiek beren gorputzak jarri zituztela eta bera, berriz, oraindik ere katramilatzen dela halako itzulingurutan —bi egitate horien artean egon litekeen harreman kausalari jaten ematen dionean, ez du jakiten kulparekin zer egin—.»

(ID_17770395517575) (/EZEZAGUNA)
Ainara Azpiazu Aduriz Axpi

Borroka berean dabiltzan belaunaldi desberdinen arteko inkomunikazio eta transmisio-zailtasunen aurrean, maiz izaten da batzuk zein besteak haserretzen direla, eta lotura hautsi egiten dela. Alde horretatik, Giannecchiniren proposamena emankorra iruditu zait. Belaunaldi gazteagoren kokapen deserosoaz mintzatu ostean, etxeko lanak egiten ditu. Dokumentatu egiten da. Hurrengo kapitulua, «1987» izenekoa, hiesaren mundu-mailako hedapenari buruzko informazio ugari eman ostean, honela ixten du: 

«1987an jaio nintzen. Hiesaren pandemia betean munduratu nintzen, lehendabiziko AZT tratamendu antirretrobirala agertu eta hiru hilera, AEBek pertsona seropositiboei herrialdean sartzea galarazi zien hilabetean. Haurtzaro patxadatsua bizi nuen Paris kanpoaldeko hiri txiki batean, eta aldi berean, milaka pertsona borrokatu eta hil ziren, nik haien inguruan ezer jakin gabe. Baina pertsona horiek nire jendea ziren.  

»[…] Hiesa perbertituen gaitza bihurtu zen, arau sozialekin bat egiten ez dutenen gaitza, eta, batez ere, gizon homosexualena. Beren desbideraketaren erakusgarria zen, baina orobat zen zigor bat, heriotzara zeramatzan lotsa bat. Ni ere desbideratu bainintzen, hiesa bera eta gizarteak birusaren aurrean emandako erantzuna neure historiarekin lotuta daude.

»Nire ustez, badago senidetza sinboliko bat kuir pertsonen artean. Ni ere banaiz Stonewall-en, Gay Liberation Front-en (GLF), Mouvement de Libération des Femmes-en (MLF), Gouines Rouges-en, Act Up-en, hiesak jotako beren adiskideekin batera borrokatu ziren lesbianen eta gure bizitza bizigarri egiteko komunitateak sortzen eta lanean jardun ziren guztien alaba. Aurreko belaunaldietatik ikasiz, iraganeko borrokak eta haien ondarea ezagutuz, orainean kokatu gaitezke; herentzia bat da, eta horretara behartzen gaitu».  

Ni neu 1989an jaio nintzen. Ni ere banaiz —gu ere bagara— frankismoaren amaieran piztutako borroka iraultzaileen, 68ko maiatzaren, Euskal Emazteak Bere Askatasunaren Alde-ren, EHGAM historikoaren, Lesbiana Feministen eta beste hainbaten ondorengo, eta badagokigu: bollera gisa, euskal herritar gisa.

«Historia bat jaso dugu oinordetzan: borroka eta sufrimendua, elkartasuna eta dolua, ekintza eta mina, konpromisoa. Nola komunikatu hori guztia geure artean?»

Antzinako erro eta adaxka gazte.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA