Juan Evaristo Valls Boix-ek gauza ederren alde osatu duen aldarrikapen ederki idatzia —El derecho a las cosas bellas: Vindicación de la vida holgada (Gauza ederrekiko eskubidea: bizitza patxadatsuaren aldarrikapena)— Gabonen bueltan irakurri nuen. Etzanda irakurri nuen, goizez —luxu handiagorik—, tarteka etenak eginez zerbait azpimarratzeko, edo, egia esatera, liburua usaintzeko —bizio sekretua—. Alegia: osoki eman nintzaiola irakurketaren gozamenari, Valls Boixek berak liburuan planteatzen duen ildotik. Patxadaren aldarrikapena gorpuztuz.
Oporretan nengoen, noski: ondorioztatuko zenuten honezkero.
Ez naiz BERRIAko artikulu batean liburu hori edo Valls Boix aipatu dituen lehendabizikoa. Hasteko, Goizalde Landabasok, orain urtebete pasatxo, 2025eko otsailaren 25eko bere zutabean —Lana izena zuen—, bikain laburbildu zuen filosofo katalanaren ekarpenaren muina: «[…] logika kapitalistak irentsi gaituela, eta bizitzaren alor denetara heldu dela».

Lizar Begoñak, berriz, udako oporren atarian aipatu zuen, 2025eko ekainaren 24an, Egun motelak artikuluan: «Gauza ederren eta antzuen balioari buruz idazten du Valls Boixek, eta eskubide nagien aldarria egiten du —hala nola alferkeriarako eskubidea, atseden eta erretiroarena— kapitalismoaren alienazioaren aurkako ekintza politiko eta erresistentzia-modu gisa […]. Baina guk, errutinaren gerrari akituok, deskantsua ere antsiaz bizi dugu».
Irati Zubiak, azkenik, ikasturte honen hasieran ekarri zuen hizpidera Valls Boix. Work bitch artikuluan. 2025eko irailaren 17an, zera zioen: «Hozkailuaren aurrean zutik, norbere etxean lapurretan bezala, gosaltzen duzuenoi. Zapatak trakets lotuta toporako bidea arineketan egiten duenari. Belarrietan hautatu zenezakeen abesti tristeena daramazun horri. Edo aktibatzeko reggaetona jarri, baina oinak arrastaka dakartzanari. Eskumuturrean tendinitisa duzuen lesionatu kronikoei. […] Zuei denoi idazten dizuet. A toda ostia ari naiz idazten. Ni ere zuetako bat naiz. J. E. Valls Boix filosofo katalanari kopiatu diot paragrafo horren oihartzuna. Nagiaren Metafisika da liburua, existentziaren runner guztioi zuzenduta dago. Lanaren logikak izatearen zirrikitu guztiak hartu dituen garaiaz dihardu. Sentitzen dut, irakurle, aldarte honekin abiatzea lehen zutabea. Baina magnum zaporea zerion testua idazteko ere berandu nabilela iruditu zait. Nik ere nahiago nuke izan horizontal, baina terribleki bertikal sentitzen naiz».
Valls Boixek, ekintzarako dei gisa, bizitza erdigunean jartzeko borroka kolektiborako tresna gisa —azken urteotan modu nabarmenean mugimendu feministak egin duen bezala— greba aldarrikatzen du
Valls Boixek, argi dago, garai bat eta belaunaldi batzuk deskribatu ditu zehatz: horrela bizi gara asko. Konpainia bila jotzen dut nik besteen hitzetara, eta Gabonetako patxada behin-behinekoan alferkeriaren fereka aurkitu nuen bezala, gaur goizean —martxoak 13— beste nonbait aurkitu dut sosegua: nire idazle kideek lanaren alde txarrez, eta egun motelen beharraz/antsiaz, eta work bitch jardutearen bukleaz esan dituzten kontuetan.
Ez nago —gaude— hain bakarrik ezinegon honetan.
*
2026aren hasieran trend bat agertu zen sare sozialetan: 2016ko argazkiak argitaratzen hasi ziren erabiltzaile asko. Ez nuen guztiz ulertu, baina polita iruditu zitzaidan: disfrutatu egin nuen jendearen iraganeko irudiei so. Nik neuk ez nuen trend-arekin modu aktiboan bat egin, baina Valls Boixi lapurtu diodan paragrafo hauxe da, akaso, azken hamarraldian gertatu zaidanaren erretraturik adierazgarriena.
«Luzaroan, zoriontasunaren kulturatzat hartu genuen ustiapen emozionalaren kultura. Luzaroegi, idealizatu egin genituen lan-arloko grina eta beste hainbat mantra: ezberdin bizitzeko eta geure burua beste modu batera adierazteko deiak, guztia hautsiz urrunera iristeko deiak. Geure bizitzarekin maiteminduta geundela uste genuen, baina, egiaz, kapitalarekin obsesionatuta geunden, bere forma orotan: obsesionatuta geunden gure marka pertsonalarekin eta bere follower-ekin; obsesionatuta esperientzien kontsumoarekin; gehiago edukitzeko lehian kateatuta —jakintza gehiago, maitale gehiago, bidaia gehiago, ideia gehiago, diferentzia gehiago—. Eta, haatik, gaur egun jasanezina gertatzen zaigu bizitza, karbohidratoen eta scrolling azkengabearen sedaziorik gabe. Maximoa nahi genuen, itsuki, eta, hala, minimoa ere galdu dugu, lasaitasun materialki sendo eta seguru bat: geure onetik aterata gaude, eta eramangaitza da, hausten ari gara! Askatasuna zela uste genuen, baina desira kapitalista baino ez zen: geure desira, kontsumitzearen gozamen bitxiak bahitua. Begiak zabaldu ditugu bat-batean, eta akituta gaude, neka-neka eginda, gorroto sakonak eta tristezia zorrotzak jota».
A! Ahaztu dut ia. Valls Boixek, ekintzarako dei gisa, bizitza erdigunean jartzeko borroka kolektiborako tresna gisa —lehenago beste hainbeste mugimenduk eta azken urteotan modu nabarmenean mugimendu feministak egin duen bezala— greba aldarrikatzen du.