Aste berean gurutzatu zitzaizkidan Irati Gorostidiren Aro berria eta Hedoi Etxarteren Izen baten promesa.
Gorostidiren lehendabiziko film luzea Durangoko zineklubean ikusi genuen Anek, Eiderrek eta hirurok. Fitxatuta neukan lehendik; Zinemaldian estreinatu zen, baina ez nintzen iritsi. Gorostidik hamar urtez garatu duen ikerketa baten emaitza da Aro berria —prozesu horrek, aurrez, beste mugarri batzuk izan ditu, hala nola San Simon 62 laburra, Mirari Echevarriarekin batera sortua—: 1980ko hamarraldian Arco Iris komunitateak Lizaso herrian abiatu zuen proiektuan zentratzen da, han antolatzen ziren ikastaroetan bereziki. Gorostidiren gurasoak bertan egon ziren, eta, zinegileak kontatu izan duen moduan, orduko argazki bat jaso zuenean ekin zion berak bilaketari: irudia ez zetorren batere bat Trantsizioa deitzen zaion garaiaz ordura arte jaso izan zuen iruditegi orokorrarekin. Filmak, horrenbestez, nolabait ere gaurkotu egiten du testuinguru hura, egunera ekartzen du.
Filma ikustera abenduaren 3an joan ginen, asteazkenez, eta ordurako Izen baten promesa-ren bi heren irakurrita neuzkan —abenduaren 6an aurkeztu behar nuen egilearekin Ahotsenean, Durango Durango bihurtzen den egun horietan—, baina bi lanen arteko lotura, ageriko samarra bestalde, ez nuen berehala egin.
Aitaren heriotza da Etxarteren nobelaren abiapuntua. Zehatzago esanda: aitaren hiletan aldarrikatutako zerbaitek —«Gora LKI!»— agerian jartzen du hari buruz bere ondorengoek ez zekitena —LKIn ez baizik Komunisten Ligan militatu izan zuela Aitor Etxartek—. Idazleak, hortik abiatuta, ezagutu nahi du bere aita nor izan zen bere aita izan aurretik, eta garai hartan harekin tratua izan zutenekin kafeak hartzen hasten da. Liburuan, beraz, bi eratako atalak irakurtzen ditugu, txandaka: Etxarte semearen dolu-gogoetak eta oroitzapenak, batetik, eta Etxarte aitaren lagun, maitale eta burkideen testigantzak bestetik. Garai eta leku baten kronika bilakatzen da hala liburua, hedatu egiten da bere abiapuntu konkretutik harago: Iruñea, Francoren azken urteak eta haren heriotzaren osteko lehenak.
Liburuaren aurkezpenaren egunean goiz esnatu nahi nuen, zazpietan jarri nuen alarma. 09:30etako trena hartu behar nuen Zaldibarren Durango-n nituen konpromisoetara garaiz iristeko, eta horren aurretik hainbat gauza neuzkan egiteko: Izen baten promesa amaitu —hogei bat orri—; galderak prestatu eta Hedoiri bidali; Eider eta Kerman ni joan aurretxoan esnatzen baziren, beraiekin egoteko tartea hartu.
Denerako astia eman zidan.
Oraindik ez dut esan, baina Aro berria-k, Arco Iriseko udako ikastaroetako egunsenti kolore beroetan murgildu aurretik —horitik laranjara eta laranjatik gorrira bitarteko ñabardura urrekara guztiak—, badu mahonezko momentu bat —zeina bat baitator Gorostidiren ikerketa-proiektuaren beste mugarrietako batekin, hau da, Kontadores laburrarekin—, momentu gris bat, eta pelikularen bigarren zatian landa-eremuan arnasketa-ariketa intentsoak egiten ikusiko ditugun pertsonaietako batzuk, lehenik eta behin, Airbnb-ren arrastorik gabeko etxebizitza donostiar batean ikusiko ditugu, afalorduan emakumeen plazeraz eta ezkontzak dakartzan apaltzeez hizketan, inprenta txiki batekin eskuorriak ateratzen —pintzekin zintzilikatzen dituzte gero etxeko korridorean, tinta lehor dadin—, eskuorrien edukiaz fabrikako langile-asanbladan eztabaidatzen, harik eta sirenak jotzen duen arte: amaitu da atsedenaldia, eta makineria —triki-traka— martxan da berriro.
Etxarteren liburuko azken atalean zera azpimarratu nuen: «Aitorren bizitza porrot baten istorioa zen. Iraultzak porrot egin zuen. Ez zuten gauzatu maitasunean nahi zuten zuztarreko aldaketa: gaztaroko esperimentazioa eta harreman irekiak, guraso izandakoan, monogamiaren defentsa bilakatu ziren. Mundua ezagutzeko goseak turismoaren forma hartu zuen, eta kolapsatu». Â
Eta garden ikusi nuen: 1986an (Etxarte) eta 1988an (Gorostidi) jaiotako bi egile, 1970eko hamarraldiko momentu iraultzailean parte hartu zuten gazteen ondorengoak, beren gurasoen iraganeko ekinei —eta porrotei— begira. Eta, horraino iritsita, ni, 1989an jaiotako beste egile hau, 1970eko hamarraldiko momentu iraultzailean lerratu ez ziren gazteen ondorengoa, bi proposamenak elkartzera ausartu nintzen: promes berrien bila gabiltza denok ere. Promesa, azken finean, izan baitaiteke —Marina Garcések Olatz Mitxelenaren itzulpenean dioskun eran— «egoera edo garai batean aukerak interpretatzeko modu bat ere. Promesa bat egiten duena interpretatzen ari baita, neurri batean, munduan duen lekua, eta ausartzen ari da, pauso bat aurrera eginez, leku hori hartzen».
Promesak, azken finean, «beharbada aurreikusia ere ez zegoen posible bat» asmatzen baitu: «Etorkizun desiragarriak irudikatzen ditu».