Danele Sarriugarte

Teoria eta praktika

2026ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Michelle de Kretser-en Theory & Practice eleberria irakurri dut. Zer esan. Amaitu bezain pronto berriro hasi nahi duzun liburu klasea dela —bigarrengoan are gehiago txundituko zaituela jakinda—; libre geratzen zaizun une oro irakurketari eskaintzera zaramatzala. Liburuaren potentzia ugarietako bati heldu nahi nioke gaur hemen.

Eleberri arrunt baten eran hasten da, berez, Theory & Practice. Pertsonaiak, lekua, garaia. Sartu egiten zara, apurka. Hogei bat orrialde egiten dituzu giro horretan, eta, halako batean, gauza izugarri bat gertatzear dela —istripu bat, hilgarria—, paragrafoa eten egiten da. Espazio bikoitza. Eta hurrengo esaldia: «Une horretara iritsita, idazten ari nintzen nobela geratu egiten zen».

Narratzaileak, hortik aurrera, alde batera uzten ditu hasieran aurkeztu dizkigun zertzeladak, eta beste zerbait azaltzen hasten da: gaztaroko esperientzia batzuk. «Artista batek behiala kontatu zidan jada ez zuela egin nahi arte-itxurako arterik. Neuk ere, ohartzen ari nintzenez, jada ez nuen idatzi nahi nobela-itxurako nobelarik. Proportzio orekatuen eta mozorroen ordez, itxura-gabeziari eta kaosari lekua egingo zion forma bat nahi nuen».

Nobelak ez diruditen nobelak idazteko zereginean jende asko dabil eta ibili da, errealitatearen itxura-gabeziari eta kaosari lekua egin nahian, besteak beste. Horietako bat: Virginia Woolf. Bera da, hain zuzen, Theory & Practice-eko narratzaileak gertutik aztertzen duen autore bat. The Years-i buruz, zera dio:

«Modernismoaren baitan zenbait esperimentu iraultzaile garatu ostean, Woolfek bestelako nobela-modu bat idatzi nahi zuen, saiakera eta fikzioa txandaka baliatuz: […] Gertakariak eta fikzioa uztartuz «forma berri bat» gorpuztu nahi zuen. Fikzioaren bitartez gizarte britainiarraren bilakabideari eutsiko zion, pertsonaien bizi-aldaketak erakutsiz, eta saiakeraren zatian, berriz, emakume batek nobela-molde berri bat idatzi nahi duenean zer-nolako zailtasunak izaten dituen aztertuko zuen. Edonola ere, idazketaren erronkei aurre egin ahala, Woolfek, azkenean, fikzioa eta polemika jostearen ideia baztertu, eta fikzio huts gisa berridatzi zuen bere 'nobela-saiakera'-ren zirriborroa. The Years amaitu zuenerako, Woolfen hasierako planaren arrasto bakarra geratzen zen liburuan: bizitza publikoarekiko interes nabarmena».

Narratzailea, artean ez dizuet esan, Woolfen inguruko tesina bat idazten ari da, beka bati esker, Melbourneko unibertsitatean, 1980ko hamarraldiaren erdialdean, postestrukturalismoaren sukar betean. Narratzailea bera, guraso srilankarren alaba, Sydneykoa da, bertako unibertsitatean ikasitakoa, eta, Melbournera joateko aukera suertatu aurretik, zortzi orduko lan arrunt batean aritu da. Melbournera joatea, beraz, eta, horrekin batera nagusiki irakurtzeari eta oharrak hartzeari eta idazteari eta jendearekin hitz egiteari eskaintzea berriro denbora, loria hutsa iruditzen zaio. Bozkarioaren erdian, ordea, Woolfen eguneroko batean E. W. Perera politikari srilankarrari buruzko iruzkin bat aurkitzen du —«egia esan, gizagaixo kaoba-koloreak ez dauka hizpide-aniztasunik»—.

Narratzaileak aurkikuntzaren berri ematen dio bere tesinaren tutoreari, analisi interesgarri baterako bidea zabal dezakeelakoan, baina tutoreak Woolfen obraren azterketa hutsean feminista bat [sic!] nahi du. Teoriaren eta praktikaren arteko kontraesanak nabigatuz, narratzaileak, azkenean, tutoreak eskatu dion estiloko azterlan bat aurkezten du, eta nota ona jasotzen. Horren ostean, tutoreak ikertzen jarraitzeko eta doktore-tesia egiteko aukera proposatzen dionean, barrutik «bai, zera!» pentsatu eta kanpotik ezetz esaten du edukatuki. Sydneyra itzultzen da.

Hori baino lehen, edonola ere, «Virginia Woolfen tea» izeneko hitzaldia eskaintzen die graduondoko ikasle batzuei.

«The Years-en, Woolfen pertsonaia femeninoak askapenerantz hurbildu ahala, bostetako teak ospea galtzen du, esan nuen. […]. Alderatu egin nituen, batetik, Woolfen emakume ingelesen ibilbide gero eta modernoagoa, eta, bestetik, emakumezko te-biltzaileen aldibereko pobretzea. Bigarrenak ahalbidetzen zuen lehenengoa: esplotazio-praktika kolonialek eutsi zioten aurrerapen eta aberastasun britainiarrari. Nire entzuleei kontatu nien Woolfek forma berri bat topatu nahi izan zuela The Years-en, eta gero alde batera utzi zuela asmo hura. Forma berri batek berekin dakar mundua bestelako modu batean ikusteko desira, eta Woolfek ez zuen halakorik lortu. The Years, horrenbestez, fikzio ahaltsu bat eskaintzera mugatzen zen, non emakume britainiarraren errealizazio pertsonalak gainditu egiten zuen horren oinarrian zegoen inperialismoa».  

Forma berriek mundua bestela ikusteko desira gorpuzten dute, eta forma kristalizatuetatik harago joaten saiatzen garenean, horretan ari gara: bestelako munduen bila. Ez da aski, eta ez dugu beti lortzen, baina gure lanak zentzurik badu, horixe da bat. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA