Joseba Zulaika antropologoak kontatzen du, Basque Violence Metaphor and Sacrament liburuan (1988), ETAk 1976an Angel Berazadi bahitu zuenean gertatutakoa. ETAko lau kide gaztek —«nerabe hutsak»— bahitu zuten enpresaburu abertzalea, eta haietako baten familiaren etxeko ganbaran gorde zuten, Itziarren. Asteak iraun zuen bahiketak, eta, denborarekin, harreman ona egin zuten bahitu zarauztarrak eta bahitzaile itziartarrek, «lagun onak» egiteraino. Bahituak sukaldari lanak egin izan zituen taldearentzat, politikaz eztabaidatu zuten, kartetan jokatu, eta Iparraldean elkarrekin afari bat egitekotan gelditu ziren, dena konpontzen zenean. Bahitzaileek antropologoari kontatua. Egun batez, etxearen jabe zen familiako amak hotsak sumatu zituen ganbaran, eta semeak azaldu egin zion hotsen zergatia. Ondoren, gertatuaren berri eman zioten erakundeari. Erreskateari buruzko negoziazioak ez zihoazen ondo. Atzemanak izateko arriskuan eta negoziazioetan aurreratu ezinean, bozketa egin zuten ETAko zuzendaritzan, zer egin erabakitzeko. Bi aldiz berdinketa egin zuten, eta hirugarrenean, batek abstentziorako jo zuelako, Berazadi hiltzearen aldekoak nagusitu ziren: ETAren sinesgarritasunaren izenean zegoen hil beharra. ETAk enpresaburuen aurka egindako ekintzen historia krudelean aurreneko kapituluetakoa da Berazadi. Bukaerako kapituluetan daude, aldiz, Joxe Mari Korta edo Inazio Uria.
Bukatu dela ematen baitu. Bukatu direla, enpresaburuen elkarteei bidalitako eskutitzarekin, ETAren beste eskutitzak. Su-etenak lehendik ere eman zituen ETAk, su-eten «iraunkorrik» ere bai tartean, eta hortik, oraindik (gutxi) batzuek zaharrak berri leloari eustea, hemen ezer ez dela aldatu esaten jarraitzea. Baina erakunde armatuaren historian, ETAk lehen aldiz jakinarazi du publikoki eta esplizituki enpresaburuei mehatxupean dirua eskatzeari utzi diola. Su-etena «orokorra» zela adierazi zuenean ETAk, besteak beste Rufi Etxeberriak azaldu zuen horrek bere ustez esan nahi zuela iraultza zergarik ere ez zuela eskatuko. Baina horren berrespen ofizialak, enpresaburuen elkarteetako arduradunek jasotako eskutitzak, beste mugarri bat jarri du bakerako bidean. Jardun armatura itzultzeko asmoa duen erakundeak ez dio dirua biltzeari uzten.
Erreakzio esanguratsu batzuek adierazten dute iragarpenaren esanahiaz jabetu direla hainbat. Rodolfo Aresek esan du «oso albiste ona» eta «urrats garrantzitsua» dela, Miguel Sanz iritsi da esatera eskutitz hau «oso ezberdina» dela eta Leopoldo Barreda aitortzera «hobe» dela estortsiorik ez egotea. Batzuek ez dute erremediorik; Rosa Diezek, adibidez: «Zintzo plantak egin eta instituzioetan sartzeko taktika da».
Lerro hauek argia ikusten dutenerako, jakina izan beharko luke Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuen artean Rosa Diezen ildokoak nagusitu diren edo, parean alderdikide ohi bat jartzearren, Patxi Lopezen ildokoak. Herri Batasuna, Euskal Herritarrok, Batasuna, AuB, Herritarren Zerrenda, Aukera Guztiak, ASB, Abertzale Sozialistak, EHAK, EAE-ANV, Askatasuna eta D3M aho batez legez kanporatu zituzten Sala Bereziko hamasei magistratuek, baina azkenekoan, hamaseitik zazpik Sortu legez kanpo uztearen aurka bozkatu zuten. Pentsatzekoa da Sortuk legezkoa beharko lukeela irizten dionak Bilduk aurkezteko aukera behar duela iritziko diola. Bi botoren faltan, El Mundo egunkariko zuzendari Pedro J. Ramirezek esana Twitterren: «Zenbat eta informazio gehiago jaso 61eko Salari buruz, orduan eta kezka handiagoa dut bihar [larunbat] gauean Batasuna-Bilduren zerrendak onartu egingo dituztela». Ea, behingoagatik, informazio sinesgarria zuen.
Handik eta hemendik
ETAren eskutitzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu