Anjel Lertxundi.
Hitz beste

Etekinak

2013ko martxoaren 19a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Orain dela hamar urteko bideo bat agertu da: soldadu espainiar batzuk ageri dira bertan bi preso irakiar torturatzen. Han-hemen izan diren eskandalutxo eta espantuzko keinutxo batzuk kenduta, ez dirudi inor harritu denik. Bagenekien torturak ez direla Abu Ghraiben bakarrik gertatzen. Bagenekien tortura ez dela soldadu estatubatuarren monopolioa. Baina dakiguna, imajinatzen dugunaren hutsaren hurrena da.

Gervasio Sánchez kazetariak salatu berri du bideoa aspalditik zegoela —grabatu zen ia une beretik—, hainbat egunkaritako tiraderetan gordeta. Kazetariak esandakoa egia baldin bada —eta egiaren traza guztiak ditu— zergatik atera dute orain, zergatik egon dira ia hamar urtez isilik? Bururatzen zaizkidan arrazoi guztiak arrunt dira miserableak.

«Ez dakigunak ez gaitu molestatzen», dio errefrau aleman batek. Dakigunak ere ez, nonbait. Aski da tiraderaren batean gordetzea, etekina ateratzeko egokiera iritsi arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA